Nest Film Students - Nest Film Students - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Nest Film Students

Nest Film Students
Partekatu!

Nest Film Students lehiaketaren XVIII. edizioak hamalau film labur aukeratu ditu 46 herrialdetako 186 eskolek aurkeztutako 373 lanen artean. Donostia Zinemaldiaren 67. edizioaren esparruan egingo da zinema-ikasleen nazioarteko topaketa hori, eta herrialde hauetako film laburrak hautatu dira: Alemania, Argentina, Belgika, Txile, AEB, Espainia, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errusia. Zifra horiek aditzera ematen dutenez, urtebetean %34 hazi da eskola parte-hartzaileen kopurua, eta %22, aldiz, jasotako film laburrena.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatzen dute topaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazi nahian. Bost egunez, irailaren 23tik (astelehena) 27ra (ostirala), beren film laburrak erakutsiko dituzte gazteek, eta eskola magistralak jasoko dituzte Donostiara filmak aurkeztera datozen zinemagintzako profesional handien eskutik.  Iaz, Alexander Payne, Peter Strickland, Jaime Rosales, Albertina Carri eta Virgil Vernier zinemagileek partekatu zituzten ezagutzak ikasleekin. Ikusleek, ikasleek eta profesionalek Tabakalerako zinema-aretoan ikusi eta iruzkinduko dituzte hautatutako film laburrak.

Aurten ere, mundu osoko zinemagileen kezka garaikideak aztertuko dituzte Zinemaldiko sail gazteeneko film laburrek, identitateari, maitasunari, lanari, etorkizunari, desirari, indarkeriari eta zalantza existentzialei buruzko istorioak jorratuz. Baina, aurtengo Nest sailean hainbat lan zeharkatzen dituen joera bat nabarmendu beharko bagenu, hitz bakarrean laburbilduko genuke: familia. Hain zuzen, familiaren presentziak, gabeziak, familia-eredu berriek, halako harremanen etorkizunak eta halako loturen intimitateak osatzen dute filmen egitura: ama ezkongabe baten egunerokoa, eta anai-arreba errusiar batzuek dolu-egun batean bizi duten tentsio emozionala; japoniar amona baten 16 milimetroko erretratua, eta bizitzako eta garai politiko bateko oroitzapenak gordetzen dituen familia-artxiboa; munduan bere tokia bilatzen ari den hainbat pertsonaiaren bakardadea, eta norbaitek heldu bihurtzear dagoela jakitean –sute batean soilik jakin daitekeen bezala– bizi duen emozioa.

Lehenengo aldiz, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako lan bat sartu da aukeran; izan ere, Zinemaldia, Tabakalera eta Euskadiko Filmategia partaide dituen erakunde horretatik dator La enorme presencia de los muertos film laburra. José María Avilések (Cuenca, Ekuador, 1988) sortu du, zinema-ikasketak osatzeko Donostiako eskolan Sorkuntzako graduondoa egiten ari den ikasle batek. Film laburraren hasieran, margotzaile batek parkeko bankuan nahita utzi duen mugikorra aurkituko du neska batek.

Martín Rejtman argentinar zuzendaria eskola parte-hartzaileetako ikasleek osatutako epaimahai berezi baten presidentea izango da. Elkarrekin erabakiko dute nork irabazi duen Nest Film Students saileko film labur onenaren saria, eta aukeratutako proiektuaren zuzendariari emango zaio. Orona Fundazioa da sariaren babeslea, eta aurten, diru kopurua bikoiztu eta 10.000 eurokoa izango da. Rejtmanek (Buenos Aires, 1961) lan nabarmenak egin ditu: Silvia Prieto (1999) Made in Spanish sailean proiektatu zen; Los guantes mágicos (2004) Argentinako film onenaren FIPRESCI sariaren irabazlea izan zen, eta Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen; eta Dos disparos (2014) ere sail berean aurkeztu zen, Locarnon lehiatu eta gero. Orain arte egin duen azken lana, Shakti (2019), Berlingo zinema-jaialdiko film laburren Sail Ofizialean lehiatu da. Zuzendaria Tabakalerara itzuliko da, bertako zinema-pantailan eskaini zitzaion atzera begirakoaren ondoren eta 2016an hor zinema-lantegi bat irakatsi eta gero. 

Talentu berriak sustatzeko estrategiaren barruan Zinemaldiaren atal garrantzitsuenetako bat da Nest Film Students, eta jadanik hasia da fruituak ematen. Aurten, Oren Gerner (Petah-Tikva, Israel, 1984) zinemagileak New Directors sailean aurkeztuko du Africa, bere lehenengo film luzea, Greenland izeneko graduazio-film laburrarekin Nest Film Students saria lortu zuenetik bost urte igaro direnean. Donostia Zinemaldia eta Tabakalera dira sailaren antolatzaileak, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren ondarearen parte da.

Lehiaketan parte hartuko diren filmen inguruko informazioa Donostia Zinemaldiaren webgunean dago kontsultagarri.

Jarduerak

  • Conferencias y seminarios Proyecciones
    2019-09-27 - 11:00-13:30

    Ostiralean (11:00) Anna Sofie Hartmann izango da azken topaketaren protagonista. Duela bost urte, daniar zuzendariak New Directors sailean estreinatu zuen bere lehen lana, Limbo, eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da Giraffe-rekin, Locarnon izan ondoren.

    Lekua: - Zinea

    + Info

  • Conferencias y seminarios Proyecciones
    2019-09-26 - 15:00-18:00

    Nest Film Students saileko epaimahaiaren presidentea izango da Martín Rejtman eta masterclass saioa ere eskainiko du. 

    Lekua: - Zinea

    + Info

  • Conferencias y seminarios Proyecciones
    2019-09-25 - 10:30-13:15

    Denis Côte kanadarrak hartuko du zuzendariak eskarmentu handia du nazioarteko zinema-jaialdietan eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Répertoire des villes disparues / Ghost Town Anthology filmarekin, Berlingo lehiaketa igaro ondoren.

    Lekua: - Zinea

    + Info

  • Conferencias y seminarios Proyecciones
    2019-09-24 - 15:00-17:30

    El israelí Oren Gerner, que hace cinco años logró el Premio Nest Film Students por su corto Greenland, volverá a Donostia para intercambiar impresiones con los alumnos y alumnas tras la proyección de su debut con el largometraje Africa, que concursará en New Directors.

    Lekua: - Zinea

    + Info

  • Conferencias y seminarios Proyecciones
    2019-09-23 - 10:45 – 13:30

    Ina Weisse alemaniar zinemagilearekin solasaldia egingo dugu irailaren 23an; Das Vorspiel (The Audition) aurkeztu ondoren.

    Lekua: - Zinea

    + Info