Historia

 

Tabakalerako eraikina Donostiako tabako fabrika izan zen 90 urtez (1913-2003). Estatuarena zen, baina Udaleko lurretan eraiki zuten, 25 urteko lan zailarekin. Tabako fabrika antzinako manufakturen moduan eraiki zuten, lau patio handiren inguruan. Donostiako hiri-barruko orube handienetakoa da. Eraikin nagusia 113×75 metroko angeluzuzen bat da. Tabakalerak 20ko hamarkadan izan zituen urrezko urteak, zigarro eta puruen ekoizpena mekaniko bihurtu zutenean. Milatik gora lagun zebiltzan lanean 1925ean, gehienak emakumeak.

60ko hamarkadaren bigarren zatian, beste berrikuntza teknologiko garai bat izan zuen eta urtean 250 milioi kaxa ekoiztera iritsi zen. Garai hartan, Farias puruak egiteari utzi zion eta zigarroetan espezializatu zen: Celtak, lehenengo eta, Ducados zein Davidoff, hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera.
Espainian tabakoaren ustiaketa pribatizatu zenean, enpresa berriak –Altadis– bere fabriketako zortzi itxi zituen, 2003an, Donostiakoa tartean zela. Egoera horren aurrean, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erosi zuten eraikina, kultura garaikidearen nazioarteko zentro bilakatzeko.

 

Tabakaleraren zaharberritze prozesua

2011ko apiriletik 2015eko irailera arte Tabakalerako eraikina berrikuntza-lanetan izan da. Jon eta Naiara Monteroren 3 en Raya proiektuaren arabera egin dira berrikuntza-lanak, hark irabazi baitzuen, 2008an, Tabakaleraren Berritze Arkitektonikorako Nazioarteko Lehiaketa. Berritze-lanen xedea antzinako tabako fabrika kultura garaikidearen zentro batek dituen beharrizanetara egokitzea izan da. Aldaketa nabarmenenak eraikinaren barruan gauzatu dira. Fatxada nagusia, gehienbat, lehen zegoen bezala mantenduko da, eraikinaren hasierako izaera gordetze aldera.

Tabako fabrika zaharra kultura garaikideko zentro bihurtzeko, eraikina hirira ireki da, inguruko burdin-hesiak eta murruak ezabatuta… eta zirkulazio libreko barne-kale bat sortuta. Beirazko prisma bat eraiki da eraikinari ikusgarritasuna emateko eta hiriaren ikuspuntu berri bat sortzearren. Zentroko espazioak hibridoak dira, hainbat erabileratarako egokitu daitezkeenak.

Eraikinak 37.000 metro koadroko azalera du, bost solairutan banaturik eta sarrera nagusi berria du. Honen ondoan, Sotoa dago, non eraikinaren jatorrizko ezaugarriak mantendu diren eta, nonbait, berorren memoria gordetzen duen. 2015eko irailetik eta 2016ko irailera bitarte, espazio honetan Mañana goodbye - Elkarrekin lan egiten duen emakume taldea proiektua dago ikusgai, garai bateko tabako fabrika, produkzio moduen aldaketak bultzatuta, gaur egungo Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren bilakaera ikertzen duen 12 kapituloko seriea, alegia.

Zaharberritzearen ikuspuntu ezberdinak ikusi, entzun eta irakurtzeko, bisita ezazu Makusi. Tabakalerako artxiboa.