Zinema garaikidea - On the Bowery - Berenice Abbottekin solasaldiak | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

On the Bowery

Berenice Abbott-ekin solasaldiak

On the Bowery

On the Bowery, Lionel Rogosin, AEB, 1957, 65’ JBAES (2018-01-01) eta JBAEU (2018-01-13)

Ipar Amerikako zinema independenteak asko zor dio argazkigintza dokumentalaren tradizioari, hor hasi baitzen dena: herrialdeko gune pobreen erretratua, industria eta landako langileak, hiriko gaua, kamerari zuzendutako begirada tristea, kaleko bizitza… 29ko crash-aren ondoren, garai hartako presidente Rooseveltek, ekonomia berreskuratzeko bere New Deal proiektuaren barnean, erregistro dokumentaleko programa nazional bat jarri zuen martxan. herrialdeko argazkilaririk garrantzitsuenek “herria pobreziatik nola altxatzen zen” erretratatzeko asmoz. Baina artearen historiako autore garrantzitsuenek (Walker Evans, Dorothea Lange, Carl Mydans, Arthur Rothstein, Jack Delano, Marion Post, etab.) sinatutako lan horren emaitza justu kontrakoa izan zen. Izan ere, munduan lekua galdu zuen Amerika baten miseria eta hondamena erregistratu zuten.

Testuinguru horretan uler dezakegu oso-osorik Lionel Rogosinen filma. Une historiko hori eta bere ondorioak dira zinemagilearen obraren eta Berenice Abbott argazkilariaren lanaren lotura; batez ere, azken horrek herrialdeko hiri handietan hogeita hamargarren hamarkadan gertatutako aldaketak erregistratu zituen garaian. Abotten lana Kutxako Artegunea erakusketan ikus daiteke egun hauetan.

Bowery New Yorkeko kale baten izena da. Lower Manhattanen dago, Chinatown eta Little Italy auzoen artean. Filma doku-fikzio erakoa da eta Ray izeneko pertsonaiari jarraitzen dio hiru egunean zehar. Ray alkoholikoa da eta trenbidean lan egiten du, lanari eta duintasunari eusteko ahaleginean. Baina esfortzuak esfortzu, auzoko tabernetan galtzen da behin eta berriro. Emaitza honako hauen erretratu suntsitzaile bat da: adikzioa, krisia, ehunka aurpegi ezezagun, eta filmak jasotzen duen bezala, eraispenek eta aurrerapenak txikitutako hiri eta une historikoa.

Adierazitako argazkilari dokumentalistez gain, filmean oso nabarmena da Robert Flaherty maisu dokumentalistaren eragina, bai eta neorrealismo italiarranera ere. Helburua zen kamera errealitateari begira jartzea, errealitatea zuzenean harrapatzeko. Horiek izan ziren Amerikako zinema berriaren hastapenak.

Berenice Abbotten argazki-erakusketa aprobetxatuz, urtarriletik martxora bitartean irudi horiekin lotura duten hiru lan proiektatuko ditugu: The Quiet One, Sidney Meyers, 1948 eta Little Fugitive, Ray Ashley, Morris Engel, Ruth Orkin, 1953). Lanok une historikoaz gain, herrialde bat eta bertako jendea erretratatzeko ardura hartu zuen belaunaldiaren kontzientzia dokumentalari buruzko hausnarketa partekatzen dute irudi horiekin.

Aurkezpenari amaiera emateko, irabazitako sariak aipatuko ditugu: On the Bowery filmak dokumental onenaren saria jaso zuen Veneziako jaialdian, eta Oscar sarietan dokumental onenaren atalean izendatuta egon zen.

* Saioak: Urtarrilaren 1ean (JBAES) eta urtarrilaren 13an (JBAEU)

  • Data: Larunbata, 2018ko Urtarrilak 13
  • Ordutegia: 19:00 (2018-01-01) / 22:00 (2018-01-13)
  • Lekua: Zinema - 1 Aretoa
  • Sarrera: Sarrerarekin
  • Prezioa: 3,5€
Sarrerak