Partekatutako pantaila publikoa | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Partekatutako pantaila publikoa

Compártelo:
  • Urtea: 2019

Tabakalerako zinema programazio jarraia duen partekatutako pantaila publikoa da. Tabakalerak, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta SSIFF-Donostiako Zinemaldiak programatzen dute bertan.

Lurraldeko zine eragile nagusienen arteko elkarlanean programatzen den pantaila publiko eta partekatuan, ikusle bakoitzak bere gustuen araberako filmak topa ditzake. Helburu horri erantzuteko, programa aberatsa osatzen da, zinemaren historiaren berrikusketa kritikoa, sortzailea eta iraunkorra egiteko baliagarria dena. Zinemaren iragana, orainaldia eta etorkizuna aztertzeko tresna izan nahi duena.

Tabakalerako zine programazioa honako ildo hauen inguruan antolatu da:

1. FOKUAK
Zinegile garaikideen filmografian atzera begirakoak proposatuko dira. Batik bat kritikaren ikuspuntutik nabarmendu diren egileen lanak sartuko dira multzo honetan, ikus-entzunezko lengoaiari dagokionez jorratutako bide eta gogoetengatik berritzailetzat jotzen direnak. 

2. ZINE GARAIKIDEA
Programazio ildo honen ardatza, nazioarteko zinema jaialdietako filmetan eta banaketa etxe independenteetandatza. Hautatutako filmek hiru emanaldi izango dituzte Tabakaleran hilabete batean zehar eta saiakera egingo da, ahal den neurrian, egileak eurak edo filmarekin lotura estua duten gonbidatuak bertan edukitzeko.

3. ZIKLOAK
Gai zehatzen inguruko saioak edo emanaldiak izango dira, Tabakalerako programarekin lotura dutenak, eta pentsamenduaren eta sorkuntza garaikidearen inguruko gaiak ukitzen dituztenak.

3.1. Aro atomikoa
Zikloaren asmoa, haurtzaroak, nerabezaroak eta gaztaroak zinean izan duten iruditeriaren errepaso bat egitea da, ikuspegi zabal batetik: film garaikideetatik hasi eta klasikoetara, fikziotik dokumentalera, nazioarteko ikus-entzunezkoaren azken joera formalen zaleentzat eta euren burua lehen aldiz pantailan aurkituko dutenentzat. Saio hauek igande arratsaldeetan izango dira.

3.2. Zinea eta arkitektura
Urria arkitekturaren hilabetea da. Badira zenbait urte Tabakalerak bat egiten duela Arkitekturaren mundu egunarekin (urriaren lehen astelehenean ospatzen da, aurten urriaren 5ean), eta hirigintza berriarekin - Hiria eta Bestelako Politikak - eta pentsamendua, eraikuntza eta irudiaren arteko harremanarekin - Arkitektura: Film Mintzairak- loturako jarduerak antolatzen dituela. Aurten, jarduera horien osagarri, hiru film proposatu dira, arkitektura ikuspegi zinematografikotik jorratzen dutenak.

4. GUTUN ZURIAK
Tabakaleraren asmoa zine-pantailari bizia ematera nazioarteko zinema jaialdiak, kritikariak, artistak eta programatzaileak gonbidatzea da. Guretzat erreferentziazkoak diren beste lantalde batzuk nola lan egiten duten eta programatzen duten jakin nahi dugu, eta eurekin loturak eta elkarrizketak eraiki.

5. GOIZEKOAK
Igande goizetan, hilean behin, emanaldiak izango dira: familientzat zinea, zine-vermuta, brunch-zinea, publiko mota guztientzako saioak, zinearen lehen pausuak, zine-musikal saioak...

Gutun Zuriak (GZ)

2018-01-01 > 2020-01-01

Zinemaldi, kritiko, artista eta nazioarteko programatzaileei gure pantaila aktibatzera gonbidapena.

+ Info

Fokuak (FK)

2017-01-01 > 2020-01-01

Nazioarteko egile garaikideen berrikustea. Zinemaldien zirkuitoan eta kritikak gailenduta karrera garatzen ari diren eta ikus-entzunezkoaren inguruan bide eta gogoeta berriak proposatzen dituztenen lanak berrikustea du helburu.

+ Info