- Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak - Diedrich Diederichsen, Agentzia, Pedro G. Romero, Jon Mikel Euba, Gema Intxausti, Lili Reynaud-Dewar , Constanze Ruhm, Camila Sposati, Ana de Almeida, Luke Fowler , Alicja Rogalska, Sharon Lockhart, Alex Mendizabal | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak

Teatrise. Cornelius Cardew

 

Tabakalerak arte garaikideko erakusketen ziklo berri bati eman dio hasiera, Cybernetics of the Poor -Pobrearen zibernetika-: tutorialak, ariketak eta partiturak proiektuarekin. Komisarioak Diedrich Diederichsen, kultura-kritikari eta komisario alemaniarra, eta Oier Etxeberria, Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduraduna, izango dira. Erakusketa honek proposatzen du historian zehar artearen eta zibernetikaren artean sortu diren askotariko konexio motak aztertzea. Tabakaleraren eta Kunsthalle Wien-en arteko koprodukzioa da, eta hemengo eta nazioarteko 24 artistaren obrak barne hartzen ditu. Ikusgai dauden lanak bilduma pribatuetatik, galerietatik eta museotatik ekarri dira (besteak beste, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía eta Musée d’art contemporain de Lyon).

Erakusketak 2019an Viena eta Donostia hirien artean egin zen nazioarteko mintegiaren izen bera dauka. Hain zuzen, lankidetza hartatik sortu zen erakusketa-proiektu hau, eta hemendik Vienako Kunsthallera lekualdatuko da aurtengo abenduan. Lankidetza horri esker, artelan berriak sortzeaz gain, aukera izango dugu zenbait euskal artistaren obrak Vienan ikusgai jartzeko.

Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketak abiapuntu duen ideia da zibernetikak ekonomiaren eta politikaren gainean duen nagusitasuna. Zibernetika, grezierako kybernêtikê (gobernatzearen artea) hitzetik eratorria, kontrolatzeko eta gobernatzeko teknika bat izan zen hasieran, eta mugimenduan zeuden objektuen aurrerapena egiaztatzeko eta baieztatzeko erabiltzen zen. Norbert Wiener matematikari estatubatuarrak asmatu zuen berrogeiko hamarkadan, trafikoa kontrolatzeko eta jende multzo handiak gobernatzeko asmoz, baina zapalkuntza- eta kontrol-teknika gisa erabiltzen hasi zen berehala.

Gaur egungo egoera oso bestelakoa da. Zibernetika ez da soilik kontrolatzeko eta gobernatzeko teknika bat: negozio-eredu bat ere bada. Datuen salerosketa eta kapitalismo digitalak zibernetikaren teknologia edo metodologia erabiltzen dute aberasteko. Bada, artea ere egoera berri horretara egokitzen ari da, eta, hain zuzen, zibernetika zaharrari eta berriari buruzko hausnarketa egingo dugu Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketarekin. Gonbidapen bat da, geure buruari galdetzeko ea zer erantzun mota izan ditzaketen bizi dugun errealitatea osatzen duten plangintza-, aurrerapen- eta sistematizazio-prozesuek, edo zer leku geratzen zaion arteari –edo norbanakoari– zibernetikak erabateko nagusitasuna duen garai honetan, gure eguneroko bizitzako alderdi guzti-guztietara iristen baita. Beste era batera esanda, eta erakusketaren izenburua oinarri hartuta, zer egin dezakegu partituratik ateratzeko, tutorialetatik desbideratzeko eta ezarrita dagoenaren inguruan jolasten duten ariketak planteatzeko, beste leku batera iristeko asmoz?

Erakusketak, besteak beste, lau obra berri ditu, egungo zibernetikari erantzuten diotenak, baita azken berrogeita hamar urteetako artisten obrak ere, zibernetikaren jatorrizko ideiari erantzun eta horri aurkaratzen zaizkionak. Artistek “pobreen zibernetika” gisa uler daitezkeen estrategiak erabiltzen dituzte beren obretan. Ikusleak askotariko obrak ikusiko ditu, hainbat arlori erreferentzia egiten diotenak: musika, herri-kultura, zinea, eskultura eta aktibismoa, besteak beste. Erakusketa honek aukera emango digu egungo munduaren konplexutasunari buruz hausnartzeko, eta hausnarketa hori zentzumenen bidez egin ahal izango dugu, ez soilik irakurketa intelektualaren bidez.

Erakusketaren bigarren fasea 2020ko abenduan izango da, Kunsthalle Wien-en; bertan, erakusketa honetan abiarazten diren egokitzapenak eta azterketa-kasu bereiziak egongo dira.

Erakusketa hau Diedrich Diederichsen-ek eta Oier Etxeberriak komisariatu dute.

Artista parte hartzaileak: Agentzia, Jon Mikel Euba, Lili Reynaud-Dewar, Camila Sposati, Constanze Ruhm, Ana de Almeida & Alicja Rogalska, Gema Intxausti, Luke Fowler, Alex Mendizabal, Sharon Lockhart, Cory Arcangel eta Pedro G. Romero.

Don Van Vliet, Cornelius Cardew, Anthony Braxton, Elena Asins, Hanne Darboven, Edgar Degas, Jörg Schlick, Peter Roehr, Douglas Huebler, Heinrich Riebesehl, Mike Kelley eta Guy de Cointet-en obrekin.

 

Cybernetics of the poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketa TABAKALERA eta KUNSTHALLE WIEN zentroen arteko lankidetzaren emaitza da eta Foro Cultural de Austria Madrid eta Flanders State of the Art erakundeen parte-hartzea du.

 

*Deskargatu liburuxka hemen.

 

 

Guests

Diedrich Diederichsen

Komisario, editore, idazle eta irakaslea

Agentzia

Kobe Mathyssek sortutako proiektua

Pedro G. Romero

Artista eta komisarioa

Lili Reynaud-Dewar

Dantzaria, idazlea, irakaslea eta artista.

Constanze Ruhm

Artista, zinemagilea, idazlea eta komisarioa.

Ana de Almeida

 Artista eta ikertzailea

Luke Fowler

Artista, zinemagile eta musikaria

Alex Mendizabal

Musikaria eta musikagilea

Interesa dakizuke

Lantegiak, Hitzaldiak eta mintegiak, Erakusketak, Performanceak eta antzezpenak
2020-03-06 > 2020-08-23

Erakusketa honekin batera antolatutako...

Lekua:

+ Info