Irekiera programa - Pottors ta Klito - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Pottors ta Klito

Tabakalerak kultura garaikidearen nazioarteko zentro gisa ateak ireki aurretik, Néstor Basterretxea plazako sarreran Pottors ta Klito musika taldearen kontzertuaz gozatzeko beta izango dute bertara bildutakoek. Letra feministak oinarritzat hartuta, batez ere punka eta pottorretik ateratako beste zenbait musika estilo nahasten dituen taldea dugu laukotea, Pottormusika egiten duena, alegia!

Pottors ta Klito 2009an jaio zen Kortaren garajean, bateria elektroniko baten eta plastikozko tuboekin egindako mikro oin baten bueltan. Ainara (bateria), Altxu (kitarra eta ahotsa), Jorge (kitarra) eta Korta (baxua) laguntasunaz gain, musikak eta feminismoak elkartzen zituen… 2010ean Putzuzulo gaztetxean lehendabiziko kontzertua eskaini zuten, eta handik denbora batera iritsi zen bigarrena, 2011ean, Leitzako topaketa feministetan. 2012 amaieran aldaketak eman ziren; Jorgek taldea utzi eta Guru sartu zen, eta garajea utzi eta hormetan arrautza kartoiak dituen lokal batean hasi ziren entsaiatzen. 2013an, uda ostean, Amaia abeslaria fitxatu zuten, taldeari indarra emanaz eta 2015ean Altxuk taldea utzi eta laukote moduan jarraitzea erabaki zuten.

Eta hortik aurrerakoak, auskalo! POTTORS!