Fokuak (FK) - Solyaris (Solaris) - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Solyaris (Solaris)

Andréi Tarkovskiren film bat

Solaris, Andréi Tarkovski

Solyaris (Solaris), Andréi Tarkovski, SESB, 1972, 165’

Tarkovskiren hirugarren film luzea eta errusiar zuzendariaren lehenbiziko esku-hartzea zientzia-fikzioaren unibertsoan. Kronikek kontatzen dutenez, aurreko filmaren estreinaldiarekin sortutako arazoen ondoren (gobernuak ezikusiarena egin zuen, eta behar ez bezalako tratua eman), Tarkovskik film herrikoiagoa behar zuen, leihatilan funtzionatzeko modukoa eta zinemagile-ibilbideari jarraipena ematen ahalbidetuko ziona. Orduan sortu zen zientzia-fikzioaren esparruko idazle Stanislav Lem poloniarraren nobela arrakastatsua zinemara egokitzeko aukera. Gidoia eta filma egiten elkarrekin hasi baziren ere, Tarkovski laster urrundu zen nobelan garatutako trama nagusitik (gizakien espedizio baten eta ozeanoaren itxura duen ente alienigena baten artean komunikatzeko aukera), eta espedizio horretako kideen psikologia, zalantzak eta beldurrak hartu zituen ardatz: Kris Kelvin psikologoa misio interestelar batean bidaltzen dute urez betetako Solaris planetaren inguruan orbitatzen duten espazio-estazio batera, mediku baten heriotza misteriotsua ikertzeko.

Askotan, film hau Gerra Hotzaren testuinguruan aurkezten da, baita 2001: Odisea espazioan (2001: A Space Odyssey, 1968, Stanley Kubrick) filmari emandako erantzun sobietar gisa ere. Baina, hala Kubrick nola Tarkovski, beren bertsio espazialetan urrundu egin ziren interpretazio manikeo eta sinplistetatik, eta gizakiek kosmosarekin duten harremanaren inguruko ikuspegi filosofiko totalak proposatu zituzten. Solarisen kasuan, emaitza zinema puruaren maisulana da, eta sublimatu egiten du ikusmenaren eta entzumenaren bidezko esperientzia baten bidez errepresentatutakoa, paisaiez, protagonistez, kamera-mugimenduez, misterioez eta aurkeztutako tramez harago iristen saiatzeko. “Buruarekin” ulertzen saiatzea merezi ez duten film horietako bat da.

Filma 1972. urteko Cannesko Jaialdian estreinatu zen, eta epaimahaiaren sari nagusia eta kritikaren Fipresci saria irabazi zituen.