Sound Cinema Cityscapes - DSS2016EU | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Sound Cinema Cityscapes

Hiri-paisaia musikalak

Sound cinema cityscapes

Europako bazter guztietako musikagileei gonbidapena bidali zitzaien haien hirien musika-paisaia sortzeko. Horri esker, Varsovia, Krakovia, Wrocław eta bost euskal hiritako (Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea) erretratu elektroakustikoak ikusi eta entzungo ditugu DSS2016EU-k antolatutako jardunaldi hauetan. Haurrentzako eta helduentzako saioek bide emango diote Europako hainbat tokitako –aglomerazio handietako nahiz eremu misteriotsu eta ezezagunetako– soinuak eta musika ulertzeko modu berriari. Hala, Musica Electronica Nova jaialdiaren ideia nagusietako bat gauzatuko dugu, hots, ezezaguna dena eskuragarriago jartzea eta musika garaikidearekiko interesa sustatzea.  

 

Abenduak 3

18:00 - Varsoviako argazkiak 

Barbara Okoń-Makowska, Kontserbatzailea

 

Varsoviako argazkiak bilduma jaso dira hiriburuko artistek egindako soinu-zirrarak. Azpigai hautatuen inguruko adierazpen pertsonal horiek, denboran eta espazioan konposatuak eta forman ziklikoak izanik, Varsoviaren soinu-erretratua dira. Irudia, antza denez, elementu heteronomoz osatuta dago, eta askotariko natura, historia, komunitate, ekitaldi eta tokiak dituen hiri handi baten funtzionamendu- eta esperientzia-alderdi ezberdinak nabarmentzea du helburu. Varsoviari buruzko istorioak eraikitzeko, hainbat ordena eta ikuspuntu ezberdinak jarrai daitezke. Ez dago tokirik metropoliaren deskribapen sinbolikoarentzat, ez eta eguneroko esperientziarentzat ere. 

 

19:30 - Krakoviako hiri-paisaia

Magdalena Długosz, kontserbatzailea

Krakoviako hiri-paisaia hiriaren irudi kritikoa da. Konposizio bakoitza Krakoviaren alderdi bereizgarrietako batekin dago lotuta. Bost soinu-irudi horien uztarketak zehazten du sortzaileen arabera hirian ezinbesteko eta bereizgarriena dena. Bere biztanleen ikuspuntutik, Krakoviak ez du ikustekorik turistek beren bidaietan bizitzen dutenarekin. Hasiera batean idilikoa bada ere, tradizio aberatseko hiri historikoaren ikuspegia irudi anbiguo bihurtzen da, kontraesanez betea. 

 

Abenduak 4

18:00 - Breslavia

Mateusz Ryczek, kontserbatzailea

 

Kontzertu bat erritual bat da, hainbat jokabide, gizarte-ohitura, itxaropen estetiko eta gogobetetasun- edo asegabetasun-sentimendu batzen direna. Kontzertu hau kasu partikularra baino ez da; alabaina, esanahi ezkutu bat dago erritualean. Lekuan bertan egindako grabazio eta konposizio elektroniko horiek Wrocławko ingurune akustiko erabat desberdinetara eramango gaituzte, baita berritu aurreko Przejście Świdnickie lurrazpiko igarobidera ere. Przejście Świdnickie behin eta berriz azaltzen da programan zehar, bai eta agur moduan ere azkeneko piezan. Azken requiema sortzeko, Przejście Świdnickie berritu aurretik bertan lan egin ohi zuen Monika izeneko lore-saltzaile baten adierazpen bat hartu zen inspirazio eta oinarri. Grabazioa jatorrizko soinu-paisaia gisa aurkeztuko da, Świdnickie igarobideko beste grabazio batzuekin batera, hura berriztatu baino lehenagokoak. Świdnickie igarobidekoaren ondorengo soinu-paisaietan Wrocławko zenbait toki bisitatuko dugu, pertsona itsuek harrigarriro hautemanda. Grabazio horiek Maciej Bączykek produzitu ditu, Wrocławko mapa ikusezina proiektuaren barruan. Konposizio elektronikoak soinu-paisaiekin elkartzen dira. Konposizio bakoitzak Wrocławko ingurune akustikotik hartutako hotsak erabiltzen ditu. Lidia Zielińska, Rafał Zalech eta Mateusz Ryczek artisten lanen lehengaia dira Wrocławko soinuak; Kamila Staśko-Mazur artistaren lana, berriz, konposizioaren eta erreportajearen arteko mugan dago, askotariko soinu-paisaien eta herritarrek hiriaren ingurune akustikoaz duten iritziaren gainean eraikia. 

 

19:30 - Euskal hirien soinu-erretratua

Ramon Lazkano, kontserbatzailea

Zuriñe F. Gerenabarrena, interpretatzailea 

 

Euskal Herria kontraste handiko lurraldea da; mendiek gainetik begiratzen diote itsaso harro eta menderatzaileari, biztanle-dentsitate handiko hiriak natura oparoaren artean altxatzen dira, antzinako ohiturak industria eta teknologia ezinbesteko dituen sare ekonomikoarekin batera bizi dira. Euskaldunak norberezaleak eta itxiak direla esan ohi da; hala ere, beti elkartu izan dira beren aldamenekoekin bizitzaren plazerez gozatzeko: jatea –beren sukaldea nazioarteko erreferentea da–, abestea –ehunka abesbatza aurki daiteke beren lurraldean– eta dantza egitea –esaterako, sanferminak eta bestelako jai erraldoiak–. Euskal gizartearen historian marinelak nabarmentzen dira, eta haietako batzuk aitzindariak izan ziren Lurra esploratzen. Baina hain urrunera iritsi badira ere, kulturak, Bizkaiko golkoko bazter txiki horretan harribitxi modura defendatzen denak, bizirik iraun du Europako hizkuntza zaharrenetako baten inguruan: Euskara. Horregatik guztiagatik, eta ordu pare batean autoz gurutzatu daitekeen arren, ezberdintasunen lurraldea dugu, bertako mendilerroak bezain malkartsua.

Proiektu honetako bost lanak, bakoitza euskal hiri baten ingurukoa, paisaia geografiko, sozial eta kulturalaren aniztasuna islatzeko saiakera dira. Musika elektroakustikoaren eremuan lan egiten duten euskal musikagilerik garrantzitsuenetako batzuek sortu dituzte, eta elkarrengandik urrun dauden alderdi osagarriak ukitzen dituzte: hiriaren eta itsasoaren arteko harremana, Chamizoren lanean (Donostia); hizkuntzaren eta hitzaren espezifikotasuna, Gerenabarrenarena (Baiona); hiriaren soinua bere biztanleen bizitzarekiko paralelo bihurtzea, García de la Torrek sortua (Iruñea); hiriko soinu-paisaiaren ikuspuntu sozial eta filosofikoa, Lauzurikak proposatua (Gasteiz); eta Luc artistaren lanaren nazioarteko dimentsioa, Bilbo urruneko hiriekin senidetuta, Melbournerekin esaterako. 

Antolatzailea:

  • Data: Larunbata, 2016ko Abenduak 3 > Igandea, 2016ko Abenduak 4
  • Ordutegia: 18:00
  • Lekua: Z Aretoa
  • Sarrera: Librea