Tabakalera bere lehen urteurrena ospatzen du 640.000 bisitari baino gehiagorekin | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2016-09-08 00:00

Tabakalera bere lehen urteurrena ospatzen du 640.000 bisitari baino gehiagorekin

2016ko urtarriletik 640.000 bisitatik gora izan ditu Tabakalerak; zifrak guztiz positiboak dira eta garbi adierazten dute gero eta hiritar gehiago hurbiltzen direla zentrora eta haren programazioan parte hartzen dutela.

Ane Rodríguez Armendariz, Tabakalerako kultura zuzendaria, José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Mikel Mendarte, Kutxa Kultureko zuzendaria, Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Ainhoa Gonzalez, Zineuskadiko Europa Creativa DESK Media Euskadi programako koordinatzailea, prentsaurrekoan bildu dira gaur goizean Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren lehen urtearen balorazioa egiteko.

 

2016an, kultura proiektu osoa

 

“2016ko urtarriletik 640.000 bisitatik gora izan ditu Tabakalerak; zifrak guztiz positiboak dira eta garbi adierazten dute gero eta hiritar gehiago hurbiltzen direla zentrora eta haren programazioan parte hartzen dutela. Proiektu baten lehenengo urtean erronka berri asko agertzen dira etengabe, lehenengo aldi asko; halakoei, batzuetan zailak izan arren, ilusioz eta profesionaltasunez aurre egin die taldeak. Orain etapa berri bati ekiten diogu, sendotu egin behar ditugu jadanik ezarritako harremanak, bai herritarrekin nola eragile laguntzaileekin”, adierazi du Ane Rodríguez Armendariz, Tabakalerako kultura zuzendariak.

2016 urteak Tabakalera kultura proiektua osatzen duten arlo guztiak abiaraztea ekarri du. Hala, Ubik, sorkuntza liburutegia joan den martxoaren 18an irekitzearekin, zentroak eskuratu du publiko guztien eskumeneko espazio garrantzitsu bat, hasieratik herritarren konplizitatea izan duena eta, era horretara, hilean 14.000 bisitari inguru erakarri dituena.

Dagoeneko 5.800 pertsonak bereganatu dute Tabakalera Txartela, horren bidez, besteak beste, maileguzko materialak hartu eta Ubik-ek eskainitako zerbitzuak erreserbatu daitezke. Gaur arte maileguan gehien eskatutako materialak ikus-entzunezkoak dira; ondoren, liburuak eta bideo-jokoak datoz. Horiek guztiek bikoiztu egin dituzte hileko eskaerak sorkuntza liburutegia zabaldu zenetik.

Sortzaileen gunea ofizialki maiatzean aurkeztu bazen ere, Tabakalerako irekieratik hartu ditu espazio honek artistak, errealizadoreak, komisarioak eta bestelako eragile kulturalak. Guztira, 68 sortzaile igaro dira bertatik, egonaldirako deialdiak eta beste eragile batzuekin buruturiko lankidetza proiektuak direla medio, baita proiektuak garatzeko espazio lagapenen eta zeharkako beste programen bidez ere: 28 bertakoak, 25 nazioartekoak eta 15 Estatuko beste lurralde batzuetatik etorritakoak, hain zuzen.

Ildo horretan, garrantzia berezia izan du Ikusmira Berriak proiektuak, Tabakaleraren, Donostiako Zinemaldiaren eta DSS2016EUren arteko elkarlanari esker egindakoa, eta Euskadiko Filmategiaren eta Donostia Kulturaren laguntza duena. Ikusmira Berriak-en bigarren aldia gauzatzen ari da eta, egoiliarrak Sortzaileen gunean lanean ari direlarik, proiektua sendotuz doa ikus-entzunezkoen sorkuntzari laguntzeko nazioarteko programa gisa.

Garrantzia handiko urtea izan da zinemarentzat ere. Euskadiko Filmategia eta Donostia Kultura bezalako erakundeekiko lankidetzari esker, Tabakalerako aretoak askotariko programazioa eskaintzen du asteazkenetik igandera, eta gero eta ikusle gehiago biltzen ari da. Zentroa ireki zenetik 230 proiekziotik gora eskaini dira, guztira 12.600 ikusle bildu dituztenak.

Era berean, ikus-entzunezkoen esparruan jarraituz, aipamen berezia merezi du Zabaltegi-Tabakalera Zinemaldiko lehiazko sail bihurtu izanak. Hala, egitasmo horrek ahalbidetu egingo du Zinemaldia urte osoan zine aretora zabaltzea.

Bestalde, hezkuntza arloak Tabakalera kultura proiektuaren euskarrietako bat izaten jarraitzen du, kultura produkzioa eta arte garaikidea publiko ezberdinengana, ikastetxeetara, elkarteetara eta abarretara hurbilduz.

Alor honek 2016an hezkuntza komunitatearekiko lana nabarmendu du bereziki. Hala, Donostiako Jakintza Ikastolarekin buruturiko prozesuak lankidetza proiektu bat ekarri du, ikastetxe baten, familien eta auzokideen artean gauzatua. Guztira, Jakintza Ikastolako 550 ikaslek esku hartu dute. “Hiria, hezkuntza eta praktika kolaboratiboak” esparruko lehen deialdian kokaturiko proiektua zen hori, eta dagoeneko deialdi berria irekia dago, 2016-2017an garatu beharreko proiektuei begira.

Era berean, Kamaleoiak gara! Hezkuntza arloak garaturiko beste programetako bat da, jendearen onarpen handia jaso duena; txikiei eta helduei zabalduriko jarduera programa bat da, oso adin desberdinetako pertsonek osaturiko komunitate batean jakinduria partekatu eta ikasteko helburua du.

Bestalde, Mañana Goodbye proiektuaren bidez, 2016an Tabakalerak jarraitu du loturak egiten eraikinaren historia eta memoriarekin, eta zigarro egile ohien lanarekin.

Aurten ere, askotariko jendearekin harremanetan jartzeko orduan, beste espazio garrantzitsuetako bat Hirikilabs izan da, hots, Tabakalera DSS2016EUrekin lankidetzan burutzen ari den teknologia eta kultura digitaleko laborategia. Askotariko lan ildoetatik eta deialdi irekien bidez, gazteak eta helduak teknologia erabili eta bere zeharkakotasunaz jabetzen dira harekin esperimentatzen duten bitartean.

2016an zehar Hirikilabs Plazaren 4. eta 5. deialdiak garatu dira; nornahik beste pertsona batzuekin garatzeko proiektuak proposa ditzakeen prozesu bat da hau. Etxean jartzeko mikroberotegi bat, semaforo soinuduna edo 3Dko garun bat izan dira gauzatu diren batzuk.

Halaber, Hirikilabsetik familiekiko lana burutzen jarraitu dute Jolabs bezalako lerroen bidez, halako eran non gazteek aukera izan duten teknologia eta kultura digitalaren gaineko proiektuak garatzeko.

Erakusketei dagokienez, 2016an hainbat helburu bete dira. Hala, “Arenzana Imaz Intxausti Montón Peral” erakusketak tokiko testuinguruan prestaturiko eta esker oneko ibilbidea duten artistetan jarri du arreta gunea; “Anarchivo sida” erakusketa proiektua, ordea, jarduera programa paralelo oso baten sorburua izan da oraindik minbera den eta, hortaz, berreskuratu beharreko gai bati buruz.

Bestalde, Maryam Jafri artistaren “The Day After” izenekoa nazioarteko mailako erakusketen koprodukzio lanaren hasiera izan da, oraingoan Parisko Bétonsalon arte eta ikerketa zentroarekin, eta bestalde, horren bidez, hasiera eman zaie poskolonialismoarekin zerikusia duten programei, irakurketa historiko desberdinak proposatuz.

Azkenik, Yto Barrada-ri eskainitako erakusketa garrantzi handikoa izan da, artista honek nazioartean daukan presentzia dela eta, eta Espainiako estatuan egindako lehen bakarkakoa izan delako. Gainera aurten Barrada Marcel Duchamp 2016 sarirako izendatua izan da.

Gaur arte, Tabakalerako erakusketa aretoak 60.514 bisita izan ditu guztira.

 

2016, sinergia berrietarako urtea

 

Tabakaleraren ekosistema osatzen duten erakundeetako arduradunek nabarmendu egin dute lehenengo bizi-urte honen garrantzia, zentroa sinergiak sortzeko espazio gisa sendotzeari begira.

“Tabakaleran egon garen lehenengo urte hau zoragarria gertatzen ari da. Zinemaldia egiten duen taldearentzat, ikus-entzunezkoaren inguruan eta bestelako diziplina artistikoetan lan egiten duten beste profesional batzuekin harremanetan jartzeko aukera ekarri du. Iritzi trukeak eta are eztabaida sutsuak gure burua eraldatzeko eta aurrera egiteko balio digute. Gainera, Tabakalerak eskaintzen dizkigun instalazioak benetako luxua dira eta baldintza hobeetan lan egiteko aukera ematen digute”, adierazi du José Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiko zuzendariak.

Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ere alderdi horri buruz hitz egin du: “Oroitzen naiz orain dela urtebeteko prentsaurrekoan neronek esandakoaz, Tabakalera lankidetza lerro berriak bultzatuko lituzkeen espazioa izango zela, alegia. Gaur horrela dela baiezta dezaket: ekosistemaren parte izateak kide guztiekiko egiazko bizikidetza errazten du. Lanean jarraitzen dugu Euskadiko Filmategiarekin, Zinemaldiarekin eta Kutxarekin. Proiektu berriak abiarazi ditugu Tabakalerarekin, DSS2016EUrekin eta nazioarteko kultura eragileekin, hala nola egoitza artistikoen trukeak, zeinek kanpoan lan egiteko bidea ematen dieten gure sortzaileei. Eta gure egoitza bikainak, halaber, ahalbidetu egin digu nazioarteko literatura, itzulpengintza edo arte eszenikoen programei harrera egitea, baita maila goreneko topaketa profesionalak eta instituzionalak bertan gauzatzea ere”.

Mikel Mendarte, Kutxa Kultureko zuzendariak, bere aldetik, bat egin du “Tabakalerak bere lehenengo bizi-urtean, erabiltzaileei eta ingurunearen aldaketari dagokienez, lortu duen arrakastaren ospakizunarekin. Kutxaren aldetik, ahaleginez eta gogo beroz, lortzen lagundu dugun arrakasta, eta biribildu egingo dena zentroan dihardugun eragileek partekatzen dugun ekosistema errealitate egingo dugunean, hartarako egokiro koordinatuak izanez. Hilabete hauetarako genituen helburu guztiak bete ditugu eta orain, besteak beste, musika eta modarekin erlazionatutako programak abiarazten gabiltza. Benetan sinesten dugun eta ilusio handiz garatzen dugun proiektu hau aberastuko duten proposamenak izango dira azken hauek zalantzarik gabe”.

Euskadiko Filmategiaren zuzendariak, Joxean Fernándezek, dioenez, “bizitzako lehen urte honetan Tabakalerak Euskal Filmotekari aukera eman dio honek, 37 urteko historian zehar lehen aldiz, zine programazio egonkor bat inauguratzeko. Aukera eman digu, halaber, gure lan-baldintzak hobetzeko, mundu akademikoari eta ikus-entzunezkoen industriari eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzeko eta, inolako zalantzarik gabe, hemen diren beste erakunde guztiekiko elkarlana sendotzeko. Tabakaleran egindako lehen urte honen balantzea, horrenbestez, oso positiboa da. Gainera, gure programazioko ikusle kopuruak, 2016ko urte honi jada joan zaizkion hilabeteei dagokienez, positiboak izan dira: batez beste 84 ikusle saioko, guztira antolatutako 31 saioetarako. Horietatik herena euskaraz edo euskarazko azpitituluz hornitua izan da”.

Ainhoa Gonzalez, Zineuskadiko Europa Creativa DESK Media Euskadi programako koordinatzaileak, bere aldetik, ondokoa esan du: “Lekualdatzeak ez du baldintzatu gure eguneroko eginkizuna; are gehiago, indartu egin du gure kokapen estrategia, euskal ikus-entzunezkoen sektorea Tabakaleraren ekosisteman integratu du”.

Herritarrak topaketarako plaza ageri gisa ere aurkezten den espazio kultural batera hurbiltzen dira. Zentzu honetan, Taba kafetegiaren irekierak, Impact Hub Donostiak bultzatutako proiektuek, eta ekimen pribatuen eskaintza kulturalek eragin handia izan dute hiriko topagune berri honen sorreran.

Hilaren amaieran, interiorismo, diseinu eta dekorazioari eskainitako Basque Livingeko ateak zabalduko dira, Habic, Euskadiko ekipamendu, zur eta diseinuaren klusterrak bultzaturik.