2017-11-14 14:30

Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolak 'Zinema (h)abian - Cinema en curs' aurkeztu dute

Proiektuak zinema deskubritzeko aukera eskaini nahi die haur eta gaztetxoei eskola ingurunean. Lasarteko Oriarte BHI institutuan garatuko da lehen edizio honetan eta Mikel Gurrea zinema zuzendaria izango dute irakasle. 30.000 haur eta gaztetxok parte hartu dute programan orain arte.

Cinema en curs A Bao A Qu kultura elkarteak sortutako proiektu pedagogikoa da. Katalunian sortu zen 2005-2006 ikasturtean eta egun, lehen zein bigarren hezkuntzako zentro publikoetan garatzen da, Katalunian (23 zentro), Galizian (5 zentro), Madrilen (8 zentro), Branderburgon (3 zentro) eta Txilen (14 zentro).

Cinema en curs-ek bi helburu nagusi ditu: Haur eta gazteei zinema arte, sorkuntza eta kultura gisa deskubritzeko aukera eskaintzea; eta hezkuntza testuinguruan sorkuntza zinematografikoak daukan indar pedagogikoa garatzea.

Aurten Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) bat egin dute proiektuarekin eta Zinema (h)abian – Cinema en curs martxan jarri dute Euskadin. Zinema eta zinemagintza lantzeko proposatzen duen eredua bere egin dute bi erakundeek eta proiektua gure ingurura ekarri eta bultzatzeko konpromisoa hartu dute.

Lehen urte honetan, Lasarteko Oriarte institutuan garatuko da proiektua. Programak bi ardatz nagusi dauzka eta horiek izango dira Lasarten garatuko direnak: zinemagileen presentzia eskola eta institutuetan irakasleekin batera eta eskola orduetan saioak emateko. Eta arte zinematografikoa ikusiz eta eginez deskubritzea.

DBH1ko gela bateko 23 ikaslek parte hartuko dute eta Mikel Gurrea zinema zuzendaria izango dute bidelagun eta Aitor Olano eta Amaia Begiristain irakasleek euren laguntza eskainiko dute. Mikel Gurrea fikziozko lehen film luzea garatzen ari da egun. 2016an Donostia Zinemaldia eta Tabakalerak elkarlanean antolatzen duten Ikusmira Berriak egonaldi programan egoiliarra izan zen.

Proiektua sortu zenetik 3 eta 18 urtera arteko 30000 haur eta gaztek baino gehiagok hartu dute parte ekimen honetan. Zinemaren munduko 40 profesionalek, haien artean gure ikus-entzunezko programazioan izen aski ezagunak: Carla Simón, Jonás Trueba, Ángel Santos edo Nely Reguera, besteak beste eta gainera, 200 irakasle. 190 hezkuntza zentrotan landu da 2500 irakasle baino gehiago formatuz.

Cinema en Curs proiektuarekin bat egiten duen leku bakoitzak programa bere ingurunera egokitu eta askotariko ekarpenak egiten dizkio. Euskadiren kasuan, Tabakalera eta EQZEren elkarlanetik sortutako aukerak asko dira. Tabakalera erakina bera programan parte hartuko duten ikasleen “bigarren etxea” izatea da helburua, bertako baliabideak erabili eta gozatzea. Tabakalerako Hezkuntza taldea ere, bere esperientziatik abiatuta, bidelagun izango dute.