Tabakalerak 2deo saria 2020 deialdia aurkeztu du | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-03-26 10:00

Tabakalerak 2deo saria 2020 deialdia aurkeztu du

Tabakalerako 2deo laborategiak ikus-entzunezkoak oinarri dituzten proiektuen prototipoak sustatzeko hirugarren deialdia ireki du. Deialdia apirilaren 15era arte dago zabalik.

 

Tabakalerak, euskarazko ikus-entzunezko edukien 2deo laborategiaren bidez, 2deo saria 2020 deialdian parte hartzeko proposamenak jasotzeko epea ireki du. Deialdi honen helburu nagusia ikus-entzunezko edukietan oinarritutako proiektuen garapena eta prototipazioa sustatzea da, bai aipatu sektoreari zuzendutakoak eta baita beste zenbaitetan aplikatu daitezkeenak ere. Horretarako, aukeratutako proiektuei laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala eskainiko die laborategiak.

Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 15era arte egongo da zabalik. Epe horren ondoren, deialdiaren lehen fasean parte hartuko duten zortzi proiektuak (gehienez) hautatuko dira, eta aurreprodukzio-txostena garatuko dute. Horretarako, 4.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dute. Lehen fase hori aurtengo azarora arte luzatuko da. Orduan, aurkeztutako txostenen azterketa egingo da, eta bigarren fase batean sartuko diren hiru proiektuak (gehienez) aukeratuko dituzte. Bigarren epealdi hori prototipoena izango da.

Gehienez hiru proiektu sartuko dira 2021eko urtarriletik martxora bitartean egingo den deialdiaren prototipoen fasean. Bigarren atal honetan, hautatutako egitasmo bakoitzak laguntza ekonomikoa jasoko du proiektuaren prototipoa garatzeko. Laguntza horiek 2021eko urtarriletik apirilera bitartean gauzatu beharko dira. Hautatutako proiektu guztien artean banatu beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 50.000 eurokoa izango da. Prozesua burutu ondotik, sortutako prototipoaren aurkezpen publikoa 2021eko maiatzean 2deo ikus-entzunezko laborategian antolatuko den jendaurreko ekitaldian egingo da.

Aurkezteko epea 2020ko martxoaren 16tik apirilaren 15era arte egongo da zabalik. 

 

Deialdiaren oinarriak:

https://www.tabakalera.eu/eu/euskarako-ikus-entzunezko-laborategia

 

 

 

 

 

DEIALDIAREN ATALAK:

1. atala: (2020ko ekainetik azarora arte)

2020ko ekainean zortzi proiektu aukeratuko dira gehienez. Deialdiaren lehen atalean hautatutako egitasmoek aurreprodukzioko txosten bat egingo dute. Atal hauek izango ditu, gutxienez: proiektuaren deskribapen xehatua, lanaren kronograma, aurrekontua eta ekipo tekniko-artistikoa.

2020ko ekainean, laborategiak hainbat prestakuntza-saio antolatuko ditu ikus-entzunezko proiektuaren aurreprodukzioa gauzatzeko. Prestakuntza-saio horietan ikus-entzunezko produkzioari buruzko hiru alderdi jorratuko dira: edukiaren kontakizuna, lan-prozesuak eta proiektuak eta jabetza intelektuala.

2020ko uztaila eta azaroa bitartean, proiektuek aholkularitza profesionala jasoko dute hiru arlo horietan. 

2020ko azaroaren 1ean, aurreprodukzioko txostena aurkeztu beharko dute.

Hautatutako proiektu bakoitzak 4.000 € jasoko ditu.

 

 2. atala: (2021eko urtarriletik maiatzera)

Lehenengo atala gainditu duten proiektuetatik 3 hautatuko dira, gehienez ere. Bigarren atal honetan, hautatutako proposamenek dirulaguntza jasoko dute. Laguntza hori proiektuaren prototipoa garatzeko erabiliko dute, 2021eko urtarrila eta apirila artean.

Hautatutako proiektu guztien artean bana daitekeen gehieneko zenbatekoa 50.000 € da.

Prototipoa ekitaldi publikoan aurkeztuko da. 2021eko maiatzean izango da, 2deo ikus-entzunezkoen laborategian.

 

*Deialdi honek aldaketak jasan ditzake, osasun-alertaren eraginez.