Tabakalerak eta Artium Museoak udan irekiko duten Sortzaileei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua aurkeztu dute | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-02-21 11:30

Tabakalerak eta Artium Museoak udan irekiko duten Sortzaileei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua aurkeztu dute

Hiru hilabetez, 16 parte-hartzailek euren proiektu artistikoak garatuko dituzte, sektoreko tutore profesionalek lagunduta. Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz izango dira  tutoreak, nazioarteko arte arloko zortzi irakaslek lagunduta. Deialdia gaurtik, otsailaren 21etik, martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.

 
 

Tabakalerak profesionalei zuzendutako programazioa indartu du bere 5. Urteurrenean sorkuntzari babesa ematen dioten ekimen berriak abian ipiniz. Helburu horrekin, Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, indarrak batu eta akordio bat sinatu dute Jardun Artistikoentzako Institutua (Jai) sortzeko. Artistei zuzendutako ikasketa-programa da, eta datorren udan irekiko ditu ateak. Praktika artistikoa izango da programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.

Institutua ekimen berritzaile gisa sortu da, baina, aldi berean, Euskal Herriari lotutako testuinguru artistikoan errotuta. Arte garaikidean ezagutza transmititzeko tradizio berezia aitortzen dute bi erakundeek, eta etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala garatzeko asmoa dute.

Institutuak ekainean irekiko ditu ateak, eta, hiru hilabetez, udako eskola baten moduan funtzionatuko du, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Prestakuntza Tabakalerako Sortzaileen Gunean izango da, ekainaren 1etik abuztuaren 30era bitartean, eta, gainera, abuztu amaieran fase publiko bat garatuko da Artiumen, non ikasketa programan parte hartzen dutenen lan prozesuak edota proiektuak aurkeztuko diren.

Ikasketa-programa eremu instituzionalean sortzen diren harreman profesionalak ezagutzaren ekoizpenera eta transmisiora hedatzeko nahitik sortu zen, inguruko artisten eta nazioartean dabiltzan beste batzuen arteko topagune bat eraikitzeko helburuarekin.
 

Tutoretza profesionalak

Irakasleen taldea gaur egun bi erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute. Tabakalerak eta Artiumek jatorri oso ezberdineko ahots profesionalei dei egin diete, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen potentziala identifikatu eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.

Proposatutako mekanika artista gonbidatu bakoitzak bere sormen prozesuen ikuspegi berezia eskain dezan diseinatuta dago. Horrek programaren metodologia tailerraren espazioan ehuntzen diren harremanen ondoan kokatzen du, une eta egoera bakoitzean garatzen diren praktika zehatzetan, eta ez prozedura teoriko batean. Metodologia hori praktikara eramango da ariketen, tailerren edo ad hoc proposatutako beste topaketa batzuen bidez.

Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira institutu berriaren tutoreak, eta irakasle lanetan Katinka Bock, June Crespo, Moyra Davey, Jon Mikel Euba, Kobe Matthys-Agency, Lily Reynaud Dewar, Camila Sposati eta beste batzuk arituko dira. Horrez gain, Institutuak ikerketa batzorde bat izango du, Beatriz Herráez (Artiumeko zuzendaria), Oier Etxeberria (Donostiako CICC Tabakalerako Arte Garaikideko arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua. Batzordekideak izango dira artista eskola osatuko duten 16 partaideen aukeraketa egingo dutenak.

 

Deialdia

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da gaurtik, otsailaren 21etik, 2020ko martxoaren 31ra, 23:59ak arte [UTC+1]. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren webgunean (tabakalera.eu) eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat -irudiekin- erantsi beharko dituzte bertan.

Hautatutako pertsonek 300 € ordainduko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, hala eskatzen duten lehenengo sei eskaerek Tabakalerako eraikinean bertan dagoen hotelean ostatu hartzeko aukera izango dute, ordainduta.

Deialdiaren ebazpena 2020ko apirilaren 10ean jakinaraziko da, telefonoz edo posta elektronikoz.