Tabakalerak indarrak batu ditu bere bosgarren urteurrenaren urtean programazio askotarikoa eta ludikoa eskaintzeko | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-01-28 11:30

Tabakalerak indarrak batu ditu bere bosgarren urteurrenaren urtean programazio askotarikoa eta ludikoa eskaintzeko

Irailean beteko dira 5 urte Tabakalera ireki zenetik, eta erakunde guztiak buru-belarri murgilduko dira urteurrena jai giroan ospatzeko programazio berezia antolatzen. 

2020an, bereziki indartuko da sortzaileentzako laguntza sustatzeko programazioa, eta sendotu egingo da kultura publiko orokorrengana hurbiltzeko eskaintza, "jokoa" zeharkako ardatz gisa hartuta.

Tabakalerak 2020. urteari hasiera eman dio, batez ere sorkuntza sustatzera eta artisten eta sortzaileen profesionalizazioa eta garapena babestera bideratutako programazioa aurkeztuz, lehendik daudenei gehitzen zaizkien programa eta ekimen berriekin. Gainera, zentroak bereziki lan egin du publiko orokorrentzako programazio bateratu, orekatu eta erreferentziazko batean, Tabakaleran bizilagun diren erakunde guztien jarduera eta inguruko beste eragile batzuekiko lankidetza indartuz.

Urte honetan, programaren oinarrian dagoen ideietako bat jolasa izango da: joko-zelaia, egungo artearen zati handi bat markatzen duen ezegonkortasun-printzipioa, ludikoa dena, baina baita jolasa eta gamifikazioa gure gizartean ere, ikuspegi kritikoago batetik; jolas hori, eguneroko praktiketan, gaur egun, finantza globaletan, hezkuntzan, hedabideen narratibetan eta esparru anitzagoetan gertatzen da.

Martxoaren 6tik aurrera, Cybernetics of the Poor erakusketako piezak ariketaren kontzeptuaren inguruan jardungo dira; programazioak Julio Le Parc-en Kuboa instalazioarekin jarraituko du. Artista hori aitzindaria izan zen bere esku-hartze artistikoetan elementu ludikoak eta parte-hartzaileak sartu zituelako eta bere obra espazio publikoan jolasteko gonbidapen gisa eta ezegonkortasun-printzipioaren partaide gisa planteatu zuelako, haren arabera arte garaikidearen ezaugarri nagusietako bat baita.

Apiriletik uda bitartean, bideo-jokoek hartuko dute Tabakalera. Abiapuntua Bideo-jokoak erakusketa izango da; erakutsiko du artistek nola tematizatzen duten, beren obraren bidez, jokoaren kontzeptua eta haren inplikazio politikoak eta sozialak. Proiektu hau erakusketa-aretotik haratago joango da, eta hainbat jarduera zabalduko ditu Tabakalera osoan zehar, esparru desberdinetan eta publiko guztientzat: familientzako jolas-jardueretatik hasi -Ubik sormen-liburutegiak antolatuak- eta euskarazko bideojokoari buruzko saio profesionaletara, 2deo ikus-entzunezko laborategiaren eskutik. Tartean, hainbat laborategitan tailerrak ere egingo dira.

Gainera, Ars Electronica jaialdi ezagunarekin elkarlanean, kultura digitala jokoaren dinamikekin lotzen duten proiektu artistikoak garatuko dira laborategietan, eta liburutegiko publikoaren aurrean.

Zinemak Tabakaleraren lan-ildo nagusietako bat izaten jarraitzen du, Tabakaleraren pantaila partekatuak inoiz baino pisu handiagoa izango duen urtean: programatutako bi zinema-zikloren egoitza iraunkorra den Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoarekin partekatutako programazio berri bat inauguratuko du. Tabakaleratik haratago doan eta, beraz, euskal lurraldera iristen den pantaila partekatua izango da.

Familientzako bitartekaritza eta eskaintza indartu beharreko beste elementu bat izango da 2020an, programazio bateratu baten bidez. Programazio horren garrantzia, jolasaren bidez sorkuntza garaikidearen elementuak ezagutzean datza, beste behin ere. Sormena bultzatzeko jolas-guneak artikulatzeko ideiarekin jarraituz, Hezkuntza arloak Tabakalerako espaziotik kanpo jarraituko du lanean, ikastetxeekin elkarlanean, jolas-patioen birplanteamenduan.

Gainera, 2020a oso urte berezi gisa aurkezten da Tabakaleraren ibilbidean. Irailaren 11n, kultura garaikideko nazioarteko zentroaren 5. urteurrena beteko da. Bost urte hauetan Tabakalerak, bere nortasuna bereganatzeaz gain, eboluzionatu egin du eta proiektu eta bizilagun berriak batu ditu, kulturari lotutako 37.000 metro koadroak osatuz. Horregatik, Tabakalerarentzat sendotze- eta ospatze-urtea izango da hau, eta irailean kultura garaikideko zentroa osatzen duten erakunde guztiek parte hartuko dute herritar guztiei zuzendutako jarduera-programa berezi baten antolaketan.

 

 

2020KO PROGRAMAZIOA

 

 

  1. Publiko profesionalari zuzendutako jarduerak.

 

2020an indartu egin dugu publiko profesionalari zuzendutako programazioa, sortzaileei laguntzeko jarduera berriei esker. Horrez gain, prestakuntza-eskaintza berritu dugu, sortzaileen eta kultur industrien profesionaltzea eta garapena ahalbidetzeko.

Artearen arloan, artistentzat sortutako udako arte-eskola jarriko da martxan, Artiumekin elkarlanean. Hiru hilabeteko prestakuntza, praktika artistikoa zentrora eramateko, ikerketa-prozesuak, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko dituen espazio batean.

Bestalde, Tabakalerako erakunde ezberdinetako profesionalentzako deialdi irekiak bultzatzen jarraituko dugu. Egun gutxi barru amaituko da Sortzaileen Gunearen deialdien modalitate ezberdinetara aurkezteko epea, eta Kutxa Kultur Enea kultur coworking guneak ere otsailean irekiko ditu bere plazak.

Aurten Tabakaleran hartuko ditugun Eremuak eta Komisario Berriak programek euskal eremuko praktika artistikoen testuingurua ezartzeko prestatutako espazioak, proposamen artistiko garaikideak jasoko dituzte.

Zinea eta ikus-entzunezkoari dagokionez, hainbat proiektu eskaintzen dizkiegu sortzaile eta profesionalei. Zinemaldiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera, berrikuntza eta esperimentazioa erdigunean duten proiektuak babestuko ditugu Ikusmira Berriak-en hurrengo edizioan. Emakume zinemagile hasiberriei ere laguntza eta aholkularitza emango die Noka Mentoring proiektuak, Eusko Jaurlaritzak sortu eta Tabakalerak kudeatuko duenak, duela aste batzuk aurkeztu genuen moduan. Urtea amaitzeko, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak, 2deok, antolatutako Prototipo sarien lehen ekitaldia izango dugu, datozen hilabeteotan aurkezten diren ikus-entzunezkoen proiektu onenak saritzeko.

Teknologia eta digitalizazioa eraldaketa sakonak bultzatzen ari dira ikus-entzunezkoen sektorean. Teknologia berri horiek zehatz-mehatz ezagutzea eta aukera horiek aztertzea dira maiatzaren amaieran euskarazko edukien ikus-entzunezko laborategiak antolatuko dituen 2deo, Zinemaldi & Technology jardunaldien helburu nagusiak, Zinemaldi & Technology jardunaldiaren osagarri gisa. Zinemari eta ikus-entzunezkoei aplikatutako teknologia berrien adibide zehatzak aurkeztuko dira jardunaldi hauetan, batez ere sektore profesionalari zuzenduta, nahiz eta, kasuren batean, zinemaren zale diren publikoarentzat irekita egon.

Azkenik, atsegin handiz iragarri nahi dugu Tabakalerak Encuentro Cultura y Ciudadanía elkartzeen seigarren edizioa hartuko duela, datorren urrian. Elkartze hauek Kultura Ministerioak antolatzen ditu, eta beren helburua zera da: kultura eta kultur praktika garaikideari buruzko gogoeta sustatzea, ezagutza sustatzea eta kultur eragileen trebakuntza erraztea. Madriletik kanpo egingo den lehenengo edizioa izango da aurtengoa, eta beraz, kultur sektoreko profesionalentzat ezinbesteko hitzordua den kulturaren erdigune bihurtuko du Tabakaleran estatuan.

 

 

2.      Publiko orokorrentzako programazioa.

 

2020rako, programazio bateratua, orekatua eta erreferentziazkoa landu dugu, Tabakaleran bizi diren erakunde guztien jarduera indartuz eta inguruko beste eragile batzuekiko lankidetza eta sinergien esparrua zabalduz.

Arte garaikideko programazioa indartu egingo da, duela zenbait aste azaldu genuen bezala, zentraltasuna emango zaio eta irisgarritasuna landuko da. Erakusketa-areto berri bat, aditu-batzorde batekin elkarlanean garatutako erakusketa-programa berri bat, eta zentroko espazio publikoan egingo diren esku-hartzeen bitartez, arte garaikidea izango da 2020 urtearen apustu garrantzitsuetako bat.

Jokoaren ideia presente egongo da arte garaikideko proposamen askotan: Cybernetics of the Poor erakusketako piezak ariketaren kontzeptuaren ingurukoak izango dira; baita Julio Le Parc-en Kuboa instalazioan ere; artista hori aitzindaria izan zen bere esku-hartze artistikoetan elementu ludiko eta parte-hartzaileak txertatzen eta bere obra espazio publikoan jolasteko gonbidapen gisa planteatzen du.

Apiriletik uda bitartean, bideo-jokoek hartuko dute Tabakalera. Abiapuntua Bideo-Jokoak erakusketa izango da, jokoaren eta bere inplikazio politiko eta sozialak artistek, bere obraren bidez, nola “tematizatzen” dituzten erakutsiko du. Proiektu hau erakusketa aretotik haratago joango da eta hainbat proiektu zabalduko ditu Tabakalera osoan zehar, arlo desberdinetatik eta publiko guztientzat: Ubik sorkuntza liburutegiak antolatutako familientzako jolasak, 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiaren eskutik bideo-jokoei buruz saio profesionalak eta beste laborategietako lantegiak. 

Bestalde, oso pozik gaude Ars Electronica jaialdi ezagunarekin, artearen, teknologiaren eta gizartearen esparruetan munduko erreferente den Austriako erakundearekin, elkarlanean arituko garela iragartzeaz; izan ere erakunde horrekin kultura digitala jolasaren dinamikekin lotzen duten hainbat proiektu artistiko garatuko ditugu.

Gure bosgarren urteurrenarekin bat eginez, zinemarekin lotutako arte garaikideko bi erakusketa zabalduko ditugu: Zinema Ex. Abstrakziotik algoritmora, hurrengo urtetan Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean egingo den erakusketa sorta baten lehena izango da, eta zinemaren eta sorkuntza artiskoaren arteko topaketak ekarriko ditu.

Chris Kraus: pelikulak lehen eta gero erakusketan, bere liburu eta testuen bidez hainabt belaunaldirengan eragina izan duen ikonoaren obra filmikoa aurkeztuko da, arte garaikideari buruzko aurkezpen prentsaurrekoan aurreratu genuen moduan.

Zinea, hain justu, Tabakalerako lan ildo nagusietako bat izango da berriro ere, eta pantaila parketatuak inoiz baino pisu handiagoa izango du aurten: Bilboko Arte Ederretako Museoa Tabakalerako bi zinema zikloren egoitza egonkorra da, dagoeneko, eta aurten programazio berri bat inauguratuko dugu Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoarekin elkarlanean. Pantaila partekatua Tabakaleratik harago doa, beraz, euskal lurraldera ere iritsiz, eta Tabakalerak lurralde osoko proiektu izateko duen bokazioaren adibide bikaina emanez.

Zine programazioak aurrera jarraituko du, dagoeneko martxan dituen film zikloei esker, eta baita abiarazi dituen beste batzuekin ere. Adibidez, Kontatuko zinea zikloan zine zuzendariak gonbidatzen ditugu euren lan prozesuei eta filmei buruz hitz egin diezaguten. Proiektu honek hainbat Goya sari jaso dituzten zuzendariak zuzenean entzuteko aukera paregabea eskaintzen digu: urtarrilean izan genuen lehen saioa La trinchera infinita-ren zuzendari Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagak eskaini ziguten; Oliver Laxe zuzendaria izango da otsailaren 11n, O que arde bere filmari buruz hitz egiteko; eta y Belén Funes errealizadoreak La hija de un ladrón-en sekretuak kontatuko dizkigu martxoaren 21ean.

Musika izango da protagonista abuztuan. Bigarren urtez, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetza egin dugu, arte garaikidearekin loturiko hainbat jarduera antolatzeko. Scala izeneko soinu-instalazioa, XX. mende erdialdeaz geroztik mendebaldeko musikaren figura esanguratsuetako bat den Pauline Oliveros artista eta konposatzailearena, Musika Hamabostaldiarekin bat inauguratuko dugu, eraikinaren eskailera nagusian, eskala eta eskaileraren arteko soinu-jolas bat planteatzeko. 

Soinu-artearen eskaintza publikoa harrituko duen estreinaldi batekin osatuko dugu, Jorge Oteiza artistaren jatorrizko grabazio batean oinarritutako opera bateko zirriborro bat proposatzen duen, pieza berri bat aurkeztuko dugu.

 

3.      Komunitate eta publiko espezifikoentzako programa.

 

2020. urtean komunitate eta publiko zehatz ezberdinekin egingo dugu lan. Horietako asko Tabakaleran daude dagoeneko, eta eurekin egingo ditugu hainbat programa, adibidez irakasle edota ikasleekin, elkarte ezberdinetako kideekin, gazteekin eta familiekin. Hezkuntza eta bitartekaritzaren ikuspegitik, Tabakalerako arlo ezberdinek sustatzen duten programazioa elkartu eta indartuz.

Familiekin egingo dugun bitartekaritza indartu egingo dugu Tabakalerako programa, zerbitzu eta espazioen eskaintza bateratu bat eginez (Kameleoiak gara!), eta sorkuntza garaikidearen elementuak deskubritzea izango du helburutzat, kasu honetan ere jolasa erabiliz. Sorkuntza sustatzeko jolaserako espazioak bilatuz, hezkuntza arloak Tabakaleran eta Tabakaleratik kanpo lan egiten jarraituko du, jolastokien berplanteamenduan lagunduz.

Harrotu ileak programak, bestalde, bere ibilbidearekin jarraituko du desberdinen arteko hausnarketa eta topaketa gune bat sortzeko. Lan-gune horretan,  Donostian eta Tabakaleran bizi diren gazteak, hezitzaileak eta artistak aldizka elkartzen dira, modu kolektiboan lan egiteko artea eta kulturaren arlotik. Horietako askok maila desberdinetako migrazio-prozesuak bizi dituzte eta kalteberetasun-maila handia dute.

Azkenik, Izan ezberdin aipatu nahi dugu, 14 urtetik gorako gazteei zuzendutako Kutxa Fundazioaren ekimena, kolektibo horren kultur aisialdi aktiboa sustatzera bideratuta dagoena. Proiektuaren helburua zera da: nerabeak aisialdi proposamenen parte aktibo bat izatea, kontsumitzaile pasiboak izateaz gain. Proiektuak arrakasta handia izan du erakarri eta fideltzeko bereziki konplexua den publiko gaztearen artean. Ekitaldi berria otsailean hasiko da Tabakalerako Kutxa Kulturren. 

 

4.      Tabakaleraren bosgarren urteurrena

 

2020 urtea berezia izango da Tabakaleraren ibilbidean. Irailaren 11n kultura garaikidearen nazioarteko zentroaren 5. urteurrena beteko da. Bost urte hauetan, Tabakalerak bere nortasuna eskuratu du, garatu egin da eta proiektu eta bizilagun berriak hartu ditu, kulturaz beteriko 37.000 metro karratuak osatu dituen arte. Hori dela eta, Tabakalerarentzat egonkortzeko eta ospatzeko urtea izango da, eta beraz, zentroa osatzen dugun erakunde guztiok jardueren egitarau berezi bat antolatuko dugu elkarrekin, datorren irailaren 11 eta 12rako, herritar guztiekin batera urteurren hau festa giroan ospa dezagun.