2017-10-03 13:30

Tabakalerako 17/18 Hezkuntza programaren aurkezpena

16/17 Hezkuntza programak izan duen harrera onaren ondoren, ikasturte honetan Tabakalerak hura indartu eta proiektu kulturalaren lan-lerro nagusietako bat bezala sendotuko du.

 

Zeharkako izaera duen programa hau Tabakalerako hezkuntza taldeak gidatzen du. Horrez gain, Tabakalerako beste arlo batzuek ere hezkuntza-proposamenak lantzen dituzte, esaterako: erakusketek, zinema eta ikus-entzunezkoek, Hirikilabs-ek eta Ubik-ek.

ELKARRIZKETAK SORTUZ PUBLIKO DESBERDINEKIN 

Tabakalerako kultur proiektuaren ardatz nagusietako bat da Hezkuntza arloa.  Bere helburua, kultur proiektua eragile eta testuinguru ezberdinekin erlazioan jartzea da.  Hori horrela, hezkuntza komunitateari (ikastetxeak, elkarteak, ikasleak, irakasleak…), o-6 komunitateari (0-6 urteko arteko haurtxoek eta euren familiak), gazteei eta publiko orokorrari zuzendutako programa zabaldu eta sendotzeko apustua egingo du aurten ere Tabakalerako kultur proiektuak.

17/18 NOBEDADEAK

Hezkuntza-programak izan duen harrera ona ikusita, urte honetan proposamenak indartuko dira eragile gehiagorengana heldu ahal izateko eta komunitatearekin erlazioa sendotzen jarraitzeko.

Hezkuntza komunitatea

  REC: Zinema esperimentala programa luzatu egingo da. Bideoaren inguruko lantegi teoriko-praktiko honek DBHko 3 eta 4. mailako, batxilergoko eta LHko ikasleei zuzendutakoa, identitate eta autoirudikapena lantzen ditu, zinema esperimentala abiapuntutzat hartuta. Edukietan sakontzeko helburuarekin, saio kopuruak ugaritu egingo dira eta lau saiok osatuko dute programa: 1. saioan ikusi, 2. saioan gailu mugikorrekin edo kamerekin grabaketak egin, 3. saioan materiala editatu eta eztabaida-saio batekin amaituko da programa.

  Eskola aldiriak hezkuntza komunitateari zuzendutako deialdiak bigarren modalitate berri bat ireki du aurten Gipuzkoako ikastetxeei zuzendua, horrela, probintziako herri ugaritik jasotako eskaerei erantzuna eman ahal izateko. Tabakalera eta hezkuntza zentroen artean epe luzeko aliantzak eraikitzeko asmoz, deialdi honen helburu nagusia eskola komunitateak bere hurbileko ingurunearekin dituen erlazioen gainean hausnartzea eta horiek kultura garaikidea eta praktika artistikoari lotutako hezkuntza prozesu baten bidez indartzea da. Testuingurua ikasketarako eta ekintzarako leku bezala ulertzean datza. 

Hernaniko Txirrita eskola txikiak eta Eskoriatzako Arizmendi ikastolak aurkeztutako proiektuak izan ziren aukeratuak “Eskola aldiriak III” deialdian eta hauek izango dira, beraz, ikasturte honetan garatuko direnak.

18/19 ikasturterako proiektua aurkezteko epea 2018ko maiatzaren 2tik 31era izango da zabalik.

  Irakasleei zuzendutako programak une ezberdinak izango ditu ikasturtean zehar. Irakasle batzuengan nabaritu den interesa abiapuntutzat hartuz, hezkuntzarekiko interesa duten pertsonekin talde bat osatzea proposatzen da feminismoei eta pedagogiari buruz eztabaidatzeko, gogoeta egiteko eta ikertzeko. Esperientziak partekatzea, elkarrekin hausnartzea, prestakuntza-tresna transferigarriak sortzea eta eztabaida kolektiboa egiteko esparru komuna eratzea dira helburu.

Azaroaren 20an, Zero Saioa antolatu da, taldea eratzeko abiapuntua eta urteko gainerako saioak antolatzen hasteko esparrua izango dena. 2017/18 ikasturtean hiru topaketa egitea proposatzen da: lehena Feministaldia 2017rekin batera, eta beste biak taldeak berak zehazten dituenean.

Hezkuntza komunitateari zuzendutako programaren berri modu sakonean izateko bilera antolatu da bihar, asteazkena, 4, 11:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz.

Gazteei zuzendutako programak

  Harrotu ileak programa iaz jarri zen martxan. Eraikinean egon ohi diren gazteengana hurbiltzeko saiakera egin ostean, aurten harreman hori sendotzea eta egonkortzea izango da erronka. Horretarako, ostiralero Tabakalerako bosgarren solairuan (Prisman) elkartuko dira eta, musikatik abiatuta, artistak gonbidatuko dituzte soinuaren, gorputzaren, bideoaren etab.-en bidez gazteekin lan egitera. Proiektu honen abiapuntu gisa, gazteek espazio publikoarekin duten harremana, eta espazio publikoaren okupazioaren inguruko erakundeen mailako hausnarketa sustatzea bilatzen dira.

Memoria eta Tabakalera

  Archiveras. Mañana Goodbye proiektuaren harira, garai bateko tabako fabrikako langile ohiekin bilerek jarraitu dute hilean behin aurreko ikasturte osoan.  Proiektuaren eta andre zigarrogileen gogo eta interesetatik abiatuta, Tabakaleraren artxiboan lana egiten da. Aurten, bi astero izango dira topaketak eta erronka datorren udan artxibo hori ikusgai egitea izango da. Horretarako, Sahatsa Jauregi artistaren laguntza izango da. Artxiboa eratzearekin batera, programa publiko bat antolatu da. Horren barne, azaroaren 16 eta 17an, Mariló Fernández-ek (LaFundició) memoriak berpiztearen inguruko hitzaldia eskainiko du.

Ikusi programa osoa hemen:
Ikusi bideoa hemen: