2017-11-30 13:15

Tabakalerako Sortzaileen guneak ateak irekiko ditu larunbat honetan

Urte osoan zehar Tabakaleran egon diren egoiliarretako batzuk euren proiektuak aurkeztuko dituzte ‘Lantegi irekiak’ ekitaldian. Abenduaren 2an izango dira aurkezpenok, 11:00etatik 14:00etara Sortzaileen gunean.

Ondoren, arratsaldez, 16:30etik 18:00etara, artisten hainbat lan proiektatuko dira Tabakalerako zinemako 2 aretoan.

Udazkenari eta urteko azken egoiliar-taldeari agur esateko, Tabakalerak Sortzaileen gunea irekiko du abenduaren 2an, 11:00etatik 14:00etara, bertara sartu eta lehen eskutik ezagutu ahal izateko Tabakaleran une honetan lanean diharduten artisten lana.

Guztira zortzi artistak aurkeztuko dituzte euren proiektuak goizean: Irati Gorostidi, David Martínez Suárez, Sophie Dyer eta Solveig Suess, Maite Alonso eta Unai Ruiz, Maite Garbayo Maeztu eta Itziar Orbegozo.

Gainera, arratsaldez, 16:30etik 18:00etara, Tabakalerako zinemako 2 aretoan artista egoiliarrek euren egonaldietan garatu dituzten hainbat ikus-entzunezko proiektatuko dira.

Bai goizez, bai arratsaldez, sarrera librea izango da.

 

Egitaraua

Honako hau izango da Sortzaileen gunearen ate irekien egun osoko programazioa, abenduaren 2an:

Aurkezpenak Sortzaileen gunean:

11:00 Irati Gorostidi

11:30 David Martínez Suárez

12:00 Sophie Dyer / Solveig Suess

12:30 Maite Alonso / Unai Ruiz

13:00 Maite Garbayo Maeztu

13:30 Itziar Orbegozo

 

Proiekzioak Tabakalerako zinemako 2 aretoan:

16:30 Itxaso Díaz / Cai Tomos: Las historias del cuerpo

17:15 Kristina Solomoukha / Paolo Codeluppi: The Ambassador’s Body
 

Ate irekien jardunaldia biribiltzeko, goizean zehar ez dira faltako bermuta eta gosegarria.
 

Bihar, Miren Doizen esku-hartzearen inaugurazioa

Gainera, lantegi irekien jardunaldiaren aurretik, Tabakalerak bihar, abenduak 1, 19:00etan, Miren Doizen 7 forma eta koilaratxo bat esku-hartze artistikoaren inaugurazioa hartuko du. Jerónimo Hagermanen Malas madres / Sokatik zintzilik dauden bizitzak lanaren ondoren, honako hau Tabakalerako hainbat gunetan jarriko diren esku-hartze artistikoetako bigarrena da.

Tabakalerako eraikinean lan hau sortzeko, Miren Doiz guneaz beraz baliatu da, eta handik atera ditu bere obra egiteko formak eta materialak.

Formak, zazpi guztira, zenbait elementu arkitektonikoren artean aukeratu ditu. Elementuetako batzuk eraikin zaharraren oso bereizgarriak dira, hala nola sarrerako atearen burdinlana eta barandetako bolak. Beste batzuk, berriz, gune berriko elementuak dira: besteak beste, sabai beiraztatua osatzen duten hexagonoak eta bulegoetako sukaldeko aireztapen-hodietatik ateratako forma bat. Modu horretan, Doizek ikusleek zapaltzen dituzten guneetako formak eta soilik langileek erabiltzen dituzten espazioetakoak konbinatu ditu.

Esku-hartze hau Mugak, Euskadiko Nazioarteko I. Arkitektura Bienalaren egitarauaren parte da.