Tabakaleraren espazio guztiak zabalik daude publikoarentzat | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-07-02 13:30

Tabakaleraren espazio guztiak zabalik daude publikoarentzat

Jardun Artistikoentzako Institutuaren eta 2deo euskarazko ikus-entzunezko laborategiaren sortzaileentzako programak uztailean jarriko dira abian. 

Bosgarren solairuko Prisma eta Labe gastronomia laborategia aste honetan zabalduko dira.

Gaurtik aurrera, Tabakalerako espazio guztia publikoarentzat zabalik dago, eta erabilgarri egongo da, berme guztiekin. Zentroak ekainaren 1ean ireki zituen ateak berriro, erabiltzaileen joan-etorrietarako soilik mugatutako sarbidearekin, eta langileen eta publikoaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren higiene- eta osasun-neurri guztiak hartzen jarraitzen du. Zentrora sartzeko derrigorrezkoa da maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia errespetatu behar da, eta espazio batzuetan % 60ko edukiera mantentzen da.

 

Gaurtik aurrera eraikineko bi sarrerak, Nestor Basterretxea plaza eta Andre Zigarrogileak plaza, irekita daude eta Informazio Puntua ohiko lekura itzuli da, eraikinaren lehen solairura. Dagoeneko posible da bosgarren solairuko Prisma bisitatzea ere. Plaza espazioak Tabakalerako plaza publikoaren esentzia berreskuratu du, eta Kuboa Julio Le Parc artista frantses-argentinarraren altzairu leunduzko 2.660 piezako eskultura monumentalak, bisitariei eraikinean sartzeko gonbita egiten jarraituko die.

 

Edukien eskaintzari dagokionez, bisitariek Nestor Basterretxea deskubritzeko parada izango dute Kutxa Kultur Arteguneak aurkezten duen Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketarekin. Halaber, zentroko lehen solairuan, Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak erakusketa dago ikusgai, artearen eta zibernetikaren artean historikoki  izan diren konexio moduak aztertzen dituen erakusketa. Uztailaren 2tik aurrera, zentroko bitartekaritza-taldeak bisita-solasaldiak eskainiko ditu erakusketan. Performance batek, online hitzaldiek eta erakusketaren katalogoaren aurkezpenak osatuko dute uda honetan erakusketarekin lotutako programa publikoa. Bi aretoek ordutegia bateratu dute eta asteartetik igandera bisitatu ahal izango dira, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

 

Tabakaleran sorkuntza sustatzeko eskaintza uztailaren 1ean, asteazkenean, jarriko da martxan. Alde batetik, Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) lehen edizioa hasiko da Sortzaileen Gunean. Aukeratutako hamar artistek udako bi hilabeteetan zehar landuko dituzte beren proiektu artistikoak, eta prozesuaren amaieran Artium Museoan izango dira ikusgai guztiak.

 

Bestetik, 2deon, euskarazko ikus-entzunezkoen laborategian, 2020ko deialdian hautatutako zortzi hautagaiak aholkularitza profesionala jasotzen hasiko dira haien proiektuak garatzeko. Uztailetik azarora bitartean laborategiak prestakuntza-saioak antolatuko ditu eta aholkularitza profesionala eskainiko du edukiaren kontakizunarekin, lan-prozesuekin, proiektuen garapenarekin eta jabetza intelektualarekin lotutako gaietan.

Tabakalerako partekatutako zine-pantailak bi saio eskaintzen jarraituko du astero irailera arte, asteazkenetan eta larunbateta

19:00etan, hainbat zikloren saioak barne hartzen dituen programazioarekin: R.W. Fassbinder, Kleber Mendonça Filho, Zinearen historiak. Santos Zunzunegui, Zinearen historia etengabea, Eskolatik eta Zinea eta zientzia. Berrikuntza gisa, Joanna Hogg zinemagile britainiarraren atzera begirako osoa ikusteko aukera eskainiko du zinema-aretoak.

 

Udako txokoek eta Kameleoiak Gara! programak osatuko dute familiei zuzendutako eskaintza, arte-lantegiekin eta arte eszenikoekin lotutako jarduerekin batera. Ubik sorkuntza-liburutegiak ohiko ordutegian jarraituko du zabalik: 10:00etatik 20:00etara, asteartetik larunbatera, eta 10:00etatik 14:00etara, igande eta jaiegunetan. Espazioak ohiko zerbitzu gehienak mantentzen ditu, eta liburutegiko programak aurrez aurreko jarduerak eta online edukiak uztartuko ditu udan. 2020ko udako programazioa uztailaren 7an jarriko da martxan, gazte nahiz helduentzako Udako lantegiekin: fanzineei, ikus-entzunezkoei, kaleko arteari, 3D modelazioari, performanceari, musika elektronikoari edo cut out-ari buruzko lantegiak izango dira, besteak beste. Online izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da.

 

Tabakalerak eduki digitalen eskaintza mantendu eta indartuko du, hitzaldiak, mahai-inguruak, lantegiak, kontzertuak eta tutorialak programatuz, kultura garaikideaz, arteaz, zineaz, sorkuntzaz eta esperimentazioaz hausnartzen eta gozatzen jarraitzeko. Online programazioa konfinamenduarekin iritsi zen eta aurrera jarraituko du bidea eginez.

Kutxa Kultur Gauak Tabakalerako udako gauak girotuko ditu beste urte batez, musika, dantza, antzerkia eta hainbat arte eszeniko eta okiko proposamenekin, laugarren solairuko Zabaltza gune irekian, ostegunetik igandera, 20:30etik aurrera (egitarauan zehaztutako salbuespenekin).

Tabaren eskaintza gastronomikoari LABe laborategi gastronomiko digitalaren eskaintza gehituko zaio ostiral honetan, uztailaren  3an. LABek terraza eta jatetxea irekiko ditu berriz ere arratsalde eta gauetan, ostegunetik igandera; eta eguneko platera ere eskainiko dute eguerdietan, astelehenetik ostiralera. 

Tabakalerako ordutegia ohikoa da: 9:00etatik 21:00etara (astelehenetik ostegunera), 9:00etatik 22:00etara (ostiraletan), 10:00etatik 22:00etara (larunbatean) eta 10:00etatik 21:00etara (igande eta jaiegunetan).