Tamyka Smith zinemagileak 'Gwendolyn Green' aurkeztu du Tabakaleran | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-09-21 14:00

Tamyka Smith zinemagileak 'Gwendolyn Green' aurkeztu du Tabakaleran

Tamyka Smith estatubatuar zuzendariak Gwendolyn Green ikus-entzunezko pieza osatzen duen instalazioa aurkeztu du gaur. Hain zuzen, pieza horrek 65. Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi - Tabakalera sailean izango du munduko estreinaldia.

Zabaltegi - Tabakalera, Donostia Zinemaldiko lehiaketa-sail irekiena, non ez den ez araurik ez estilo- edo denbora-mugarik, pantailaz harago doazen esperientziez ere elikatzen da. Iaz, Tabakaleran 327 koaderno Andrés Di Tellaren instalazioa jarri zen, Ricardo Pigliaren egunerokoei buruzkoa. Instalazioa ere bazen filma: gainezka egiten duen zinema.

 «Gwendolyn Green alargun edadetu bat da, eta bakardadean ematen ditu bere egunak, Palm Springseko urbanizazio batean, beste garai batean harrapatuta egongo balitz bezala. Baina, bakartze-sentsazioa dela-eta estututa sentitzen hasten denean, larrialdi-telefonora (112) deitzea erabakiko du, laguntasuna eta mundu modernoarekiko konexioa bilatzeko», azaldu du zinemagileak. Smith ikus-entzunezko proiektuak garatzen dituen Ikusmira Berriak programako egoiliarra izan zen lehenbiziko urtean.

Instalazioa Gwendolyn Greenen sukaldearen erreplika bat da; izan ere, hor gertatzen da filmaren zati handiena. Ikusleari ezagunak egingo zaizkio filmean agertzen diren paretako papera eta objektuak, instalazioa pantailaren isla izango balitz bezala. «Hala, ikusleek ere sentitu ahal izango dituzte protagonistaren isolamendua, klaustrofobia eta bakardadea», adierazi du Smithek.

Instalazioa erabat interaktiboa da: sukaldeko tiraderetan Gwendolynen mahai-tresna erabiliak daude gordeta; paretan eskuz idatzitako oharrek haren eguneroko bizitzari buruzko arrastoak ematen dituzte; eta telefonoa hartzen badugu, Gwendolynen ahotsak egingo digu ongietorria. Artistak esandakoaren arabera, «esperientzia argi-aldaketez lagunduko da, eguneko unearen arabera; ilunabarrak, argi ahuleneko uneak, eguna amaitzear denean, zuzenean ekarriko digu gogora filma».

Instalazioa urriaren 29ra arte bisitatu ahalko da Tabakaleran.

BIOGRAFIA
Tamyka Smith (New York, 1983) ama, zinemagilea eta Daughters Projects ekoiztetxearen sortzaileetako bat da. Ekoiztetxe txiki horrek emakumeek egindako proiektu zinematografikoak sustatzen ditu. Hes the best (2015) bere film laburra, Clermont-Ferrandeko Film Laburren Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu, eta nazioarteko hainbat zinema-jaialditan proiektatu zen. Gwendolyn Green zuzendu duen bigarren lana da.