Blog Tabakalera

Terraza Magnetikoa Tabakaleran (2018)

2018-08-09 14:17

Terraza Magnetikoa Tabakaleran (2018)

 

Joan den urtean egin bezala, Madrilgo La Casa Encendidako Terraza Magnetikoko kontzertuetako batzuk Donostiako Tabakalera zentroan ere programatu dira, uztaileko larunbatetan. 2015etik, programazio hori daramat Madrilgo Casa Encendidan, udako igandeetan (uztailean eta abuztuan), eta azken hiru urteotan La Terraza Mágnetica izenarekin.

Laurogeiko urteetatik aurrerako abangoardiako musika elektronikoan espezialista naiz. 1986an sortu nuen Discos Esplendor Geométrico (egun, Geometrik izena du) nire zigiluarekin, eta musika mota horietan espezializatua dagoen Rotor denda eta sustatzailearekin, beti saiatu naiz artista nabarmen eta bereziak aukeratzen, Espainian azken urteetan ugaritu diren jaialdi elektronikoen ohiko zirkuituetatik pixka bat kanpo daudenak; izan ere, zirkuituaren barruko artistek club musika dantzagarriagoei jartzen diete arreta, eta, beharbada, gehiegi begiratzen diete nire ustez, normalean, efimeroak diren modei eta joerei.

Aurten, La Terraza Magnéticarako, L.C.E-ko udako zinema-programazioarekin nolabait lotuta zeuden artistak bilatzen saiatu nintzen; programazioa Gus Van Sant kultuzko zuzendariaren ingurukoa da, eta hainbat zuzendariren filmak ditu, Gus Van Santek berak aukeratutakoak. Orduan, Van Santekin lotutako hainbat ideia pentsatu nituen, eta aintzat hartu nituen atmosfera edo sonoritate logaletsuetan, baina zenbaitetan malenkoniatsu eta psikodeliko direnetan, eta giro hipnotikoetan inspiratuta egon zitezkeen musikariak. Horiek guztiak, hainbat estilotakoak: abangoardiako poparekin hasi eta elektronika esperimentalera, musika klasikoa eta minimalista, erritmo “narkotiko”-ko klub musikak… Uste dut aurtengo artista gehienek musika zinematikoak dituztela, soinu bizi eta inspiratzailea dutenak, eta zuzendari horren filmekin ezin hobeto etor daitezkeen irudiak iradokitzen dituztenak.

Bai MARY OCHERek (Tel Aviv) eta bai ANN DEVERIAk (Granada) proposamen oso desberdinak dituzte, baina baita puntu komunak ere. Ocherrek hainbat estilo nahasten ditu: ahots etereodun ambient musika, sintetizatzaile abstraktuak, piano-musika eta pop esperimentala, eta, hala, eskuarki melankolia pixka bat duten atmosferak sortzen ditu, eta musika psikodelikoen eragina ere izaten dute. Ann Deveria bikotea Ángel Mancebok eta Jose Tenak sortu zuten 2007an, eta, zalantzarik gabe, Espainiako eszena esperimentaleko proiekturik dotoreenetako bat da; haiek ere badakite giro hipnotiko eta enigmatikoak sortzen, baita atmosfera zinematografikoak ere, kasu honetan drone ilunekin eta subwoofer sakonekin.

OKKRE izan zen Tabakalerako Terraza Magnetikoan aritutako beste artistetako bat. Uge Pañeda asturiarraren bakarkako proiektu berria da. LCC bikote elektroniko femenino prestigiotsuaren sortzaile eta haren erdia da; berriki desegin da. Donostian aritu aurretik, beste Terraza Magnetiko batzuetan egindako bira arrakastatsu eta oso berezi batetik etorri berria zen. Orduko hartan, Latinoamerikako hainbat herrialdetako kultura-zentroetan aritu zen: Perun, Bolivian eta Paraguain. Ugek, iraganean, dantza-emanaldietarako musika egin du, eta bere musika technoak eta club musikak inspiratzen dute, haien alderdirik esperimental, ilun eta azpi-sonikoenetan, soinu baxu eta sakonekin.

Azkenik, elektronikaren klasiko batek itxi zuen Donostiako Terraza Magnetikoa: ORFEON GAGARIN. Miguel Angel Ruiz madrildarra Espainiako elektronika esperimentaleko erreferentziazko musikarietako bat da; laurogeiko urteen hasieratik izan da undergroundeko aitzindarietako bat. Garai hartan, kasete formatuan argitaratzen eta zabaltzen zituen bere lanak, modu alternatiboan, bere Toracic Tapes zigiluaren bidez, eta hainbat izen erabilita. Haien artean, Orfeón Gagarin nabarmendu daiteke. Berehala hasi zen beste musikari batzuekin nazioarteko kolaborazioak egiten, eta hala hasi zuen ibilbidea, hogeita hamarnaka disko biltzen dituena, biniloan, CDan eta kasetean argitaratutakoak. Haren estiloa paregabea da, eta, nolabait, bere erara hainbat eragin nahasten ditu: musika kosmiko alemaniarra, techno japoniarra, musika industriala eta zientzia fikziozko film klasikoetako soinu banda tipikoak.

Andrés Noarbe

Rotor Music

 

 

 

 

Zure iritzia adierazi