TIM INGOLD ETA ANÍBAL G. ARREGUI ANTROPOLOGOAK UPV/EHUKO GIZARTE ANTROPOLOGIA MASTERREKO JARDUNALDI IREKIEN PROTAGONISTA IZANGO DIRA TABAKALERAN | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2018-10-17 10:15

TIM INGOLD ETA ANÍBAL G. ARREGUI ANTROPOLOGOAK UPV/EHUKO GIZARTE ANTROPOLOGIA MASTERREKO JARDUNALDI IREKIEN PROTAGONISTA IZANGO DIRA TABAKALERAN

Urriaren 23an, 29an eta 30ean Ariketak: la segunda respiración ikerketa-proiektuaren barne hainbat jarduera prestatu dituzte elkarlanean UPV/EHUren Gizarte Antropologiako departamentuak eta Tabakalerak.

Antropologia aliatu naturala da herritarrei gizakien eta haien munduen inguruko gaur egungo hausnarketa eta eztabaidak helarazteko. Tabakalerak zientzia honen ezagutzekin bat egin du, eta, horregatik, UPV/EHUko Gizarte Antropologia Unibertsitate Masterrarekin elkarlanean Tim Ingold (Britainia Handia, 1948) eta Aníbal G. Arregui (Asturias, 1982) adituen klase magistralak eta hitzadiak antolatu ditu.

Bai ikasleei, bai adituei, bai beste errealitate batzuk ezagutu nahi duen pertsona orori daude zuzenduak jarduerak. Doako klase magistralak urriaren 23an (Tim Ingold) eta 29an (Aníbal G. Arregui) izango dira eta Tabakalerako webgunean izena eman behar da. Hitzaldiek, berriz, ez dute izen-ematerik behar eta urriaren 23an (Tim Ingold, Thinking through the cello) eta 30ean (Aníbal G. Arregui, Quilombola mugimendua) izango dira. Aurrez aurre ikusteaz gain, tabakalera.eu webgunean jarraitu daitezke.

Tim Ingold

Ingold Gizarte Antropologiako irakaslea da Aberdeeneko Unibertsitatean, eta British Academyko eta Edinburgoko Royal Societyko kidea. 1999an, 25 urte Manchesterreko Unibertsitatean aritu ostean, Aberdeenera joan zen, eta Erresuma Batuko Antropologia Sailik berriena sortu zuen han. Landa-lan etnografikoak egin ditu Laponiako saami eta finlandiar herrietan, eta hainbat lan idatzi ditu iparralde zirkunpolarreko ingurumenari, teknologiari eta gizarte-antolamenduari buruz; animaliek gizartean duten rolari eta giza ekologiarekin lotutako kontuei buruz; eta antropologiako, biologiako eta historiako eboluzioaren teoriari buruz. Duela gutxitik, ingurumenaren gaineko pertzepzioaren eta praktika profesionalaren arteko lotura aztertzen du. Gaur egun, Ingoldek antropologiaren, arkeologiaren, artearen eta arkitekturaren arteko loturarekin zerikusia duten gaiei buruz idazten du.

Britainarraren klase magistralean (urriak 23, 15:30-18:30) aztergai izango dugu ezagutza nola hedatzen den besteekiko parte-hartzearen bidez, arreta bateratuaren eta elkarrenganako harmenaren prozesu batean; Ingoldek «elkarrekikotasun» deitzen dio prozesu horri. Egun bereko hitzaldi irekian (Thinking through the cello, Z aretoa, 19:00), soinuak eta isiltasunak pentsamenduarekin duten loturaren inguruko hausnarketa egingo du.

Aníbal G. Arregui

Aníbal G. Arregui 2016. urtetik irakasle irakurlea da Vienako Unibertsitateko Antropologia Sozial eta Kulturalaren sailean. Hauxe da haren ikerketaren ardatza: gorputzaren, inguruaren eta ekonomia “tradizionalen” arteko elkarguneak Amazonas Beherean (Brasil). 2006tik bertan ari da landa-lana egiten. Gaur egun, G. Arregui bigarren esparru geografiko eta tematikoa irekitzen ari da Bewildering Boar Europako proiektuaren esparruan: gizakien eta basurdeen arteko harremanak Bartzelonako kanpoaldean.

G. Arreguiren klase magistrala (urriak 29, 15:30-19:30) antropologoek alderdi basatia edozein gorputz motatan egonkortzeko egin duten ahaleginari buruz jardungo da. Erantzun pertsonal gisa, kasu etnografiko bat azalduko du, hots, Amazonaseko “botos rosas” deituriko izurdeena. Horiek nola sartzen diren gorputzaren eta sentsualitatearen esparruan Amazonas Behereko (Brasil) urbazterreko herrien munduan agertuko du.

Bestalde, hitzaldi irekian, G. Arreguik (Quilombola mugimendua, urriak 30, Z aretoa, 19:00) zentzu kinestesikoa ardatz hartuta, beste interpretazio bat emango dio quilombola mugimendua delakoari (Brasilgo Amazonian ihes egindako esklaboen ondorengoen aldarrikapen politikoko korronte bat da, eskubide historikoen eta lurraldearen ingurukoen aldekoa). Horien esfera praktiko askotarikoak osatzen dituzten gorputz-mugimenduei buruzko etnografia bat aurkeztuko du (esfera praktiko horietako batzuk dira ehiza, arrantza, baratzezaintza ibiltaria, futbola, dantza, egur-mozketa, gaztaina-bilketa eta ibaiko bainuak).

UPV/EHUko Gizarte Antropologia Unibertsitate Masterreko programazio hau Tabakalerako Programa Publikoen barne kokatzen da, zehazki, Ariketak: la segunda respiración ardatz tematikoan.

 

            

 

 

Argazkia: Palle Nielsen, Modellen - En modell för ett kvalitativt samhälle [ Eredua. Gizarte kualitatibo baterako eredua], 1968, dimentsio aldakorrak
Modellen – En modell för ett kvalitativt samhälle erakusketaren dokumentaziorako materiala, Moderna Museet-en irekia (Stockholm, Suedia) 1968ko irailaren 30ean
MACBA kolekzioa. MACBA patzuergoa. Artistaren donazioa
© Palle Nielsen, VEGAP, Bartzelona, 2018