Twentynine Palms

twentynine palms

Twentynine Palms, Bruno Dumont, Frantzia, 2003, 119’, JABES

Bruno Dumonten zinemara bere azken pelikulen bidez iritsi direnak, El Pequeño Quinquin (2014) eta La Alta Sociedad (2016) komedia bitxi eta barregarriak, harri eta zur geratuko dira bere filmografiako lehenengo zati hau ikustean. Zuzendari frantsesak giza arimaren lekurik ezkutukoenak ikertuko ditu hitzik gabe uzten gaituen krudelkeriaz. Twentynine Palms zuzendaria autore-zinema garaikide erradikalenaren mapan kokatu zuen lehenengo etapa horretan egina da. Estatu Batuetan filmatu zuen pelikula bakarra da eta bere obrako ezezagunenetako bat seguruenik. Road movie amerikar handiaren tropoak besarkatzen ditu baina, aldi berean, genero horrek berezkoa duen espiritu askatzailea suntsitzen du, Dumontek akzioa ahalik eta gehien biluzten du eta egun argiz atmosfera opresibo bat eraikitzen du, bere pertsonaiak -lokalizazio bila dabilen argazkilari zakarra eta berarekin doan emakume errusiarra- barneko deabruen eta basamortu paisaia eder eta beldurgarriaren esku utziz (interesgarria da esatea The Hitch-Hiker eta Twentynine Palms leku berean gertatzen direla). Biluztasun narratibo horrek erlazioa dauka baita gorputz, sexualitate eta perbertsioarekin eginiko lan konplexu eta ohikoz kanpokoarekin. Pelikularen basakeri latenteak, pelikularen amaieran nabarmen egiten denak, pelikula ikusteko esperientzia bortitza, liluragarria eta ahaztezina bihurtzen du.

**Oharra: Pelikula honetako zenbait irudiren indarkeria mingarria izan liteke.