Terrazan eta parkean egoteko Ud-ha | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2018-06-13 11:45

Terrazan eta parkean egoteko Ud-ha

Ekainaren 28tik irailaren 1era bitartean izango da Ud-ha programaren hirugarren edizioa, arte eszenikoz, musikaz, zinemaz eta edonorentzako moduko tailerrez betea. Aurten, lehendabizikoz, programazioa Cristina Enea parkera zabaldu da: Ubikek liburutegiaren aire zabaleko bertsioa kokatuko du han.

Tabakalera prest dago udaz gozatzeko. Ekainaren 28tik hasi eta irailaren 1era arte, Ud-ha programak berriro girotuko ditu udako gauak Tabakalerako terrazan, arte eszenikoekin, zinemarekin, musikarekin eta tokiko proposamenekin.

Eraikineko zabaltza aurten ere eguzkitakoz, kanpin-aulkiz eta edari freskoz beteko da, udako hilabeteez goza dezagun. Aurten, lehenengo aldiz, Ud-ha terrazan programak eraikinaren mugak zeharkatu eta Ud-ha parkean ere izango dugu, uda honetan agertoki berri bat eta publiko guztientzako proposamen berriak eskaintzeko.

Tabakalerak, La Casa Encendidaren eta Kutxa Kulturreren ohiko laguntzaz gain, Cristina Enea Fundazioaren laguntza izan du Ud-ha programaren 2018ko egitaraua osatzeko. Higinia Garay bilbotarrak egin du aurtengo programaren irudia.

 

Berritasuna: Ud-ha, parkean ere bai

Uztailean eta abuztuan, Ubiken zati bat Cristina Enea parkera aterako da, liburutegi-zerbitzua jendearen eskura egon dadin, ohiz kanpoko eta erraz iristeko moduko ingurune udatiar horretan. Maileguz hartu ahal izango dira liburuak, aldizkariak eta jolasak, eta baita aire zabaleko hainbat jardueraz gozatu ere. 

Jendearen eskura jarriko diren materialen artean, artearekin, pentsamendu garaikidearekin eta ingurumen-gaiekin lotutako ehunka liburu aurkituko dira, Ubikeko liburutegiak eta Cristina Eneakoak gomendatutakoak. Horrez gain, bestelako irakurgaiak ere egongo dira, hala nola aldizkariak, eta baita mahai-jokoak ere, banaka nahiz taldean aritzeko.

Halaber, bere izaerari eta ohiko eskaintzari jarraituz, normalean liburutegiaren barruan egiten diren jarduerak egingo dira parkean, leku horretarako berariaz diseinatu diren beste batzuekin batera.

Horrez gain, beste jarduera batzuk ere antolatuko dira aire zabaleko programazioaren barruan: Cristina Enea Fundazioarekin batera lehendik ere programatzen den udako zinema-zikloaz gozatu ahal izango dute ohiko interesdunek (aurten, “Inbasioa” izenburua du), eta Yuan Li Min maisuak gidatuko duen Tai-Chi-Chuan ikastaro trinkoa ere izango da, besteak beste.

 

Arte eszenikoen programazioa, bi komisario gonbidaturen eskutik

Bi komisario gonbidatu arduratuko dira terrazako arte eszenikoen programazioaz: Maia Villot, hirugarren urtez jarraian, eta Itxaso Corral. Haien proposamenak Ud-hako uztail eta abuztuko ostegun guztietan izango ditugu.

Villotek eta Corralek bederatzi sorkuntza proposatu dituzte Tabakalera taulara egitasmorako. Dantza, kantua eta mugimendua konbinatuko dituzte, eta honako artista hauen lanak eskainiko dituzte, besteak beste: Chico y Chica, Inazio Escudero, Carla Fernández eta Óscar G. Villegas, Elisa Arteta, Horman Poster, Navaridas & Deutinger, Cuqui Jerez, Los Torreznos, eta Silvia Zayas eta Esperanza Collado.

 

Ostiraletan, zinema eta kirola aire zabalean

Bestalde, ostiraletan, uztailaren 13tik abuztuaren 17ra, 22:00etan, zinemaren txanda izango da. “Uda olinpikoa” izena du Tabakalerak terrazarako prestatu duen zikloak. Bertan, kirolean eta ariketa fisikoetan oinarritutako film batzuk emango dira. 2018-2019rako Tabakalerako programa publikoaren ardatz tematikoa izango den “Ariketak: la segunda respiración” programaren barruan emango da ziklo hori, eta futbola, atletismoa, txirrindularitza, harri-jasotzea, surfa eta beste zenbait kirol jorratuko ditu.

 

Terraza: Madrilgo La Casa Encendida eta Kutxa Kultur, aurten ere gurean

Beste behin, zuzeneko musikak leku nabarmena izango du Ud-ha programazioaren barruan, eta, bigarren urtez, 2018ko edizioan parte hartuko dute Madrilgo La Casa Encendidak (uztailean) eta Kutxa Kulturrek (abuztuan).

La Casa Encendidako Terraza Magnetikoak girotuko ditu uztaileko iluntzeak; hain zuzen ere, Madrilgo zentro sozial eta kultural horrek Tabakaleran partekatuko ditu bere terrazan uda honetan entzungo diren musika-proposamen esperimentalak eta elektronikoak.

Hala, uztailaren 7tik 28ra, larunbatero, 20:00etan estatuko zein nazioarteko abangoardiako musika elektronikoko zenbait artista izango dira Ud-han. Honako hauek arituko dira: Mary Ocher, Ann Deveria, OKKRE eta Orfeón Gagarín. Haiei laguntzeko, Tabakalera bertako hainbat DJrekin arituko da elkarlanean; hala, gauera arte iraungo dute musika-saioek.

Abuztuan, ordutegi berean, Kutxa Kultur gauak programazioak hartuko du erreleboa, tokiko eragileek proposatutako egitarau amateur batekin. Gurekin izango ditugu Anne Leux abeslari eta musikagilea, Hermanos Jaso youtuberrak, Lab Go 4 arte eszenikoetako programa, Sara Zozaya abeslaria, eta baita Kultxa Kulturren eta Dantz Festibalaren arteko lankidetza ere, musika elektronikoko proposamenekin.

Horrez gain, eguraldiaren arabera, Tabakalerako zabaltzako iluntzeetan bestelako jarduera batzuk izango dira: Yuan Li Min maisuak egingo duen erakustaldia, Nazioarteko Zinema Mintegiaren barne kokatzen den jarduera bat edota Harrotu ileak ekimenean sortutako abestiaren aurkezpena. Hori, Mursergo, Javi Pez eta Telmo Trenorrekin batera, gazte migratzaileek sortutako abestia da. 

 

San Miguel, berriz Ud-haren babesle

Hirugarren urtez jarraian, San Miguel Ud-haren terrazako kolaboratzailea izango da. Hala, iaz bezala, terrazan barra-zerbitzua egongo da ostegunetan 19:00etatik 22:00etara, ostiral eta larunbatetan 19:00etatik 23:00etara, eta igandetan 19:00etatik 21:00etara.

Halaber, terrazako programazioak Endanea landare-haztegiaren lankidetza ere izango du.

Eguraldi txarra egiten badu, Ud-haren programazioa, bai terrazakoa, bai Cristina Enea parkekoa, beste toki batzuetan egingo da. Informazio eguneratua tabakalera.eu webgunean eta Tabakalerako sare sozialen bidez eskainiko da.