Urterik laburrena - Nazioarteko zine jaialdietan aurkeztutako espainiar film labur onenen errepasoa | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Urterik laburrena

Nazioarteko zine jaialdietan aurkeztutako espainiar film labur onenen errepasoa

Timecode, Juanjo Giménez

Timecode, Juanjo Giménez

Partekatu!

Urtea amaitzear dela, nazioarteko zinema-jaialdietan aurkeztutako Espainiako film labur onenak berrikusi ditugu. Dibertsitatea, arriskua, esperimentazioa, ausardia, umorea eta askatasun handia dago, Tabakaleran, minutuak gorabehera, «handitzat» dugun genero horrek ahalbidetzen duen guztia.

Gure programan ez dugu fikzioa eta dokumentala bereizten –izan ere, iruditzen zaigu garrantzitsua zinema eta lengoaia dela betiere–; era berean, film laburrek gune naturala izan beharko lukete gure urteko filmen artean. Eta ahaleginak egiten ditugu, bai ikasturtean zehar egiten ditugun emanaldietan, bai, kasurako, otsailean formatu laburrari eskaintzen diogun berariazko arretan, Labo-Clermont Ferrandetik etortzen diren lanen emanaldiarekin.

Orain urteko laburpena egitea zegokigun, eta zazpi lan aukeratu ditugu, Espainiako film laburrek nazioartean jokalekuan zer egoera ona duten erakusten dutenak. Hasi Canneseko Urrezko Palmorritik, eta Vila do Conderen moduko zinema-jaialdi txiki baina prestigio askoko film labur dokumental onenaren sarira arte. Zinema garbia, zinema laburra, zinema peto-petoa.

Tout le monde aime le bord de la mer

Keina Espiñeira, Espainia, , 2016 17', JBAES, DCP

Gizon talde bat kostaldeko baso baten ertzean dago, Europara joateko zain. Linboan daude denborari eta espazioari dagokienez. Han film bat grabatu dute, dokumentala eta fikzioa etengabe uztartuta. Paisaia aldatu egin da, eta orain dauden tokia jada ez da haien etxea. Ura jada ez da gardena, ez da garbia. Iragan kolonialaren mitoek etorkizuneko ametsekin talka egiten dute. Nazioarteko estreinaldia Rotterdameko Zinema Jaialdian, eta Europako Zinemaren Sarietan film labur onena izateko hautagai.

Nuestra amiga la luna

Velasco Broca, Espainia, , 2016 15', JBAES, DCP

Hadji aniztasun funtzionala dituen gazte hindua da eta Ganges ibaiaren ertzean bizi da, umil-umil. Zeukan apurra galdu ostean, jatorri errusiarreko gidari espiritual bitxi batek dizipulutzat onartu zuen. Aliantza horren ondorioz gertakari bitxiak sortuko dira eta, printzipio sinkroniko baten bitartez, gertakari horiek mendebaldeko beste puntu batzuetan izango dute eragina. Nazioarteko estreinaldia Locarnoko Zinema Jaialdian (Suitza).

Notes from Sometime, Later, Maybe

Roger Gomez, Dani Resines, Espainia, , 2016 12', JBAES, DCP

1939, Depresio Handiaren amaiera. Kamera eskutan hartuta, Ivan Besse kalera atera da Britton-eko (Hego Dakota) herrikideak filmatzeko. Laurogei urte igaro direlarik, zinemagile bat Brittonera iritsi da filmatutako material horren bila. Memoriari, absentziari eta maitasunari buruzko ipuina da. Dokumentalen Sari Nagusia Vila de Condeko (Portugal) Curtas Jaialdian.

Las vísceras

Elena López Riera, Espainia, Frantzia, , 2016 15', JBAES, DCP

Udako arratsalde hezea da. Emakumeak untxia harrapatu du, laztandu, eta kolpe lehor batekin hil egin du. Haurrak, adinekoak, baita zakurrak ere heriotzaren eguneroko erritualari begira daude. Nazioarteko estreinaldia Locarnoko Zinema Jaialdian (Suitza).

Timecode

Juanjo Giménez, Espainia, , 2016 15', JB, DCP

Luna eta Diego aparkalekuko segurtasun-zaindariak dira. Diego gaueko txandan, eta Luna egunez. Film labur onenaren Urrezko Palma, Cannes 2016.

Montañas ardientes que vomitan fuego

Samuel M. Delgado, Helena Girón, Espainia, , 2016 14', Elkarrizketarik gabe, DCP

Lurraren barrualdea babesleku bihurtu da irlara hurbiltzen ari den mehatxuaren aurrean. Sumendi-hodiak espazioen eta denboren arteko ontzi komunikatuak dira. Erresistentzia esperimenta daiteke hodi horietan. Nazioarteko estreinaldia Torontoko Zinema Jaialdian (Kanada).

Decorado

Alberto Vázquez, Espainia, Frantzia, , 2016 11', JBA, DCP

Mundua agertoki zoragarria da, baina aktoreak negargarriak dira. Underground animazioa. Nazioarteko estreinaldia Annecyko animazio-jaialdian, animaziorik onena Vila do Conden, Zilarrezko Melies Saria Europako film laburrik onenari Donostiako Beldurrezko Zinemaren astean.