Gutun Zuriak (GZ) - Viennale 1 - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
Error fetching XML

Viennale 1

Sabaudia

 

Saioaren iraupena: 87'

Como Fernando Pessoa salvou Portugal, Eugène Green, Portugal-Francia- Bélgica, 2018,  27' DCP, JB, Azp ES
Eugène Greenen lanean, Lisboarekiko eta saudadearekiko maitasun sakon eta ironikoaren zantzuak nabariak dira. Fernando Pessoa poeta modernista bikainaren gaineko liburu bat idatzi badu ere, apur bat harritzen gaitu Barrokoko hondarrek erakartzen duten artista honek portugaldarraren pertsonari eta heteronimoetako bati buruzko film bat egin izana. Filmak, mugimendu dibertigarri eta bikainen bidez, erakusten du bere buruarekin borrokan ari den artista bat, negozio-helburuen eta printzipio poetikoen artean harrapatuta. Gainera, 1927ko Portugalen irudi burutsua da: Estatu Batuetako freskagarriekiko pasioaren eta katolizismoaren artean banatuta dagoen herrialdearena. (Patrick Holzapfel)

Les discours dácceptation glorieux de Nicolas Chauvin, Benjamin Crotty,  Francia, 2018, 26' DCP, JB, Azp ES
Historialariek ez daukate zalantzarik: Frantziako soldadu ausart hura, Nicolas Chauvin nekazari xumea, ez zen inoiz bizi izan, nahiz eta mito nazionala izan. Bere izenetik, mundu osoan ezaguna den nozioa sortu zen: chauvinismoa, nazionalismo errespetugabe eta maltzurra. Benjamin Crottyk pantailara eraman du mamua, diskotekako taula eta Monty Pythonen irrealtasuna darien kanpoko eszenak erabiliz. Bonaparteren garaiko oroimenek eta La grande nation berrezartzeko Macronen saioek harrapatuta, Chauvinek nekez igarotzen ditu historiak eta garaiak. Aldi berean barregarria eta tristea da, zure buruak hartzen duen bidearen arabera... (Otto Reiter)

Gertrud & Tiederich, Josef Dabernig, Austria, 2018, 10' DCP, JB, Azp ES
Artisten artean oso ohikoa da toki baten iraganaren eta orainaren arteko harremana aztertzea. Josef Dabernigek Buchberg gaztelura geure buruaz kontziente izanik hurbiltzeko beste modu bat proposatzen digu. Gaztelua, hain zuzen, 1979. urtetik erabili da arte-instalazioetarako toki gisa. Elizako musika monotonoak lagunduta, bere istorio propioa idazten ari diren arte-mekanikak bere horretan agertzen dira, zinemagileak antimuseo honetako bilduma iraunkorreko instalazioen izenburuak eta datak ozen irakurtzen dituen bitartean. Barnealdeko xehetasunak txuri-beltz hutsean grabatuz ezohiko tentsioa sortu du. Ez da artea tokiarekin elkarrekintzan soilik; tokia arte bilakatuta ere bada. (Patrick Holzapfel)

Sabaudia, Lotte Schreiber, 2018, Austria, 24' DCP, JB, Azp ES
Italiako Sabaudia udalerria Mussoliniren arkitektoek sortu zuten «hiri faxista berrien» eredu gisa, hustutako zingiretan jarritako nekazal lur estentsiboez hornituko zena. Arkitektura «latza» nabaria izan arren, zenbait sortzailek, Alberto Moraviak eta Pier Paolo Pasolinik kasu, leku atsegin eta zoragarritzat jo zuten Sabaudia: Italia tradizional eta zintzoaren ikurra, ideologia modernoei aurre egiten diena. Lotte Schreiberrek Sabaudiaren ikuspegi alde anitz eta dokumentala eskaintzen du, Pasolini inspirazio-iturri hartuta, baina harago joanda. Gizarte-klaseen banaketaren, nostalgiaren eta eguneroko bitxikeriaren nahasketa paradoxiko gisa irudikatzen du. (Adrian Martin)

Más actividades de Gutun zuriak: Viennale:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.