Fokuak (FK) - The Watermelon Woman (Cheryl Dunye, AEB, 90') - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

The Watermelon Woman (Cheryl Dunye, AEB, 90')

 

Aurkezpena programazio taldearen eskutik.

 

The Watermelon Woman, Cheryl Dunye, AEB, 1996, 90’

The Watermelon Woman zine feministaren klasiko bat da egun. Cheryl Dunye zuzendaria film luze bat egin zuen lehenengo emakume afroamerikar lesbiana bilakatu zen pelikula honekin. 1996 urteko Berlinalen Teddy Saria jaso zuen eta Queer Zinema Berriaren funtsezko figura bihurtu zen.

Baina, nor da The Watermelon Woman (sandia emakumea)?

Hori da Cherylek (zuzendariak antzeztutako protagonistak) bere buruari egingo dion galdera 40. hamarkadako Hollywoodeko pelikula bat ikustean. Pelikula bukatu eta kredituetan neskamearena egiten duen aktoresa beltza izenik gabe azalduko da: The Watermelon Woman besterik ez da azaltzen. Nor da The Watermelon Woman? VHS-ez inguratuta bideoklub batean lan egiten duen Cheryli galdera bera sortuko zaio beste pelikula batekin. Berriro ere kredituetan neskamearena egiten duen aktoresa beltzaren izena azaldu beharrean, The Watermelon Woman besterik ez du jarriko. Behin eta berriro sortzen zaion galderari erantzuteko pelikula bat egiten hasiko da Cheryl.

Autobiografia, dokumentala, fikzioa, umorea, identitatea, telebista, esperimentazioa, kezka sozialak. Cheryl Dunyeren filmografiaren ezaugarrietako batzuk dira. Hibridazio partikular honi bere izena eta guzti eman zion: Dunyementaries. Zuzendariak kontatzen du pelikula egitera bultzatu zuela zinean bera bezalako norbait ikusteko desirak eta, pelikulan bertan azaltzen den bezala: “batzuetan zure historia zuk zeuk egin behar duzu”.

The Watermelon Woman-en estreinaldiaren 20. urteurrenerako, 2016 urtean, Outfest Legacy Project eta UCLA Film & Television Archive-ek kopia zaharberritu zuten. San Franciscoko Castro aretoan proiektatu zen eta, 20 urte beranduago, beste behin, The Watermelon Woman pelikula puskatzailea izan zen.

 
 

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.