I. Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala - 7 forma eta koilaratxo bat - Miren Doiz | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

7 forma eta koilaratxo bat

Miren Doizen esku-hartzea

Miren Doiz - "Zazpi forma eta koilaratxo bat" esku-hartze artistikoa

Jerónimo Hagermanen Malas madres / Sokatik zintzilik dauden bizitzak lanaren ondoren, honako hau Tabakalerako hainbat gunetan jarriko diren esku-hartze artistikoetako bigarrena da.

Tabakalerako eraikinean lan hau sortzeko, Miren Doiz guneaz beraz baliatu da, eta handik atera ditu bere obra egiteko formak eta materialak.

Formak, zazpi guztira, zenbait elementu arkitektonikoren artean aukeratu ditu. Elementuetako batzuk eraikin zaharraren oso bereizgarriak dira, hala nola sarrerako atearen burdinlana eta barandetako bolak. Beste batzuk, berriz, gune berriko elementuak dira: besteak beste, sabai beiraztatua osatzen duten hexagonoak eta bulegoetako sukaldeko aireztapen-hodietatik ateratako forma bat. Modu horretan, Doizek ikusleek zapaltzen dituzten guneetako formak eta soilik langileek erabiltzen dituzten espazioetakoak konbinatu ditu.

Forma horiek hainbat materialen gainean erreplikatuko ditu; material gehienak birziklatuak dira, Tabakalerakoak bertakoak: plexiglasa, erabilitako zurak, seinale-elementu zaharkituak eta garai bateko elementuak, hala nola ateak. Horrekin guztiarekin, Tabakalerako espazioa etengabe gogora ekarri nahi du, ez soilik espazio edukitzaile gisa, baizik eta baita eduki gisa ere.

Lanaren bereizgarriak eskala-aldaketa eta elementu arkitektonikoekin nahiz ikusleekin sortuko duen lotura izango dira, baita material desberdinen erabilera, kolorearen garrantzia eta espazioan zeharreko hedapena ere.

 

Gonbidatuak

Miren Doiz

Miren Doiz

Artista

Galeria